Nafarroako A-12 autobiako Villatuertatik Los Arcoserainoko zatia zabaldu dute

Iruñea eta Logroño batuko dituen errepidearen 56,5 kilometro irekita daude dagoeneko

Erredakzioa
2006ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Atzoz geroztik irekita dago Logroño (Errioxa, Espainia) eta Iruñea batuko dituen autobiaren laugarren zatia, Lizarratik Los Arcosera doana, hain zuzen ere. Los Arcosetik Vianarako zatia irekitzea besterik ez da falta orain Nafarroako Gobernuak eraikitzen diharduen autobia bukatuta egon dadin.

Ekainean ireki zuten laugarren zatiari zegokion Villamayor de Mojardin eta Los Arcos arteko tartea. Atzo bukatu zituzten, ordea, laugarren zatiko lan guztiak. 71,6 milioi euro behar izan ditu zati hori eraikitzeko Nafarroako Gobernuak.

14,5 kilometro berri zabaldu zituzten atzo: Lizarratik Villamayor de Mojardinera artean dauden 11 kilometroak; eta, bosgarren zatiari dagozkion Los Arcosetik hegoaldera dauden 3,5 kilometroak. Miguel Sanz Nafarroako presidentea izan zen lanak inauguratzen, besteak beste, Jeronimo Gomez Los Arcoseko alkatea eta Alvaro Miranda Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria lagun zituela. Inguruko herrietatik jende franko hurbildu zen irekiera ekitaldira eta autobian ibilaldia egin ondoren ireki zizkieten bideak autoei.

13,8 KILOMETRO BUKATZEKO. 70,3 kilometro luze izango den autobia eraikitzeko bost zatitan banatu ditu lanak Nafarroako Gobernuak. Gaur egun, Iruñetik Los Arcosera doan bidearen 56,5 kilometroak daude erabilgarri, eta bosgarren zatiaren 13,8 kilometro falta dira. Vianan amaituko da Nafarroako Gobernuaren autobia proiektua. Harainoko bidea egiteko lanak bukatzeko. 52 milioi euro beharko dira.

Arazorik ezean, irail aldera bukatuta egongo dira Vianarainoko lanak. Bi urte inguru beharko dira baina, dena irekita egon dadin. Ordubete baino gutxiago beharko da orduan, Iruñetik Logroñorako bidea egiteko, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez. Iruñetik Lizarrarakoa eta Lizarratik Logroñorakoa egiteko aldiz, ordu erdi eskas aski izango da. Lehen behar zena baino ordu laurden gutxiago, gutxi gorabehera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.