hizkuntz normalizazioa

Nafarroako administrazioko lehiaketa bateko hizkuntza-bereizkeria salatu du Behatokiak

“Hizkuntza-bereizkeria bultzatu nahi izan dute Nafarroako administrazioko lehiaketa batean”. Horixe salatu du Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak kaltetutako hainbat langilerekin batera egin duen agerraldian. Euskarazko lanpostua zuten langileei, euskara jakitea beharrezkoa ez den lanpostuak eskuratzeko aukerarik ez dutela azaldu zieten epaimahaiko kideek, astelehenean, plazak banatu behar ziren egunean bertan.

2006ko martxoaren 3a
15:52
Entzun
Xaio Huizi, inplikatutako langileetako batek azaldudu astalehenean egin zen lekualdatze lehiaketan arduradunek esan zietena: “Euskararen derrigorrezko ezagutza duten lanpostuetako langileek, ez genuela euskara jakitea derrigorrezkoa ez duten lanpostuak eskuratzeko aukerarik izango agertu ziguten arduradunek”. Deialdia 2005eko maiatzaren 30ean argitaratu zen eta hutsik zeuden administrazioko 107 lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzekoak ziren.

“Maiatzean argitaratu zuten deialdian ez zuten horrelakorik azaldu, eta beraz, euskarazko lanpostuetan gaudenok eskubide osoa genuen geure kategoria bereko beste edozein lanpostutara joateko”, azaldu du Xaio Huizik. “Erabaki horren aurrean ezer esaterik ez genuela adierazi zuten, eta lanpostuen banaketari ekin nahi izan zioten; zorionez, aurrekaria ezarri zuten zenbait epai helarazi zitzaizkion mahaiburuari, eta bertan behera utzi behar izan zuen banaketa”, gehitu du langileak.

Behatokiko zuzendariak gogorarazi du 2003an hainbat helegite irabazi zirela afera horri dagokionez: “Epaileek aski garbi utzi zuten euskara jakitea ezin zela erabili zigor moduan; aitzitik, gehigarria zela adierazi zuten, eta beraz, ez zegoela langile euskaldunak diskriminatzerik”. Bilbaok azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak epai horiei apelazio-helegitea jarri bazien ere, galdu egin zuen behin eta berriro. Behatikiko zuzendariak salatu duenez Nafarroako Gobernuak “jakinaren gainean eta maltzurkeriaz jokatu du. Idatzizko deialdian ez baitu horrelako baldintzarik jaso. Behatokiko zuzendariaren arabera, Nafarroako Gobernuak euskalduna diskriminatu ditu.

Behatokiko zuzendariak mezu zuzena luzatu dio Nafarroako Gobernuari: “Ez gaude prest horrelakorik onartzeko eta beharrezkoa bada lehiaketa guztietara bertara aurkeztuko gara, eta bertan behera uzteko eskatuko diegu, erantzukizun penalak egoztea nahi ez badute behintzat”. Bilbaoren hiztetan “zorionez” lehiaketan parte hartu zuten guztiak ohartu ziren burutzen ari ziren bidegabekeriaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.