Bilera egin du gaur Nafarroako Ahal Dugu-ren Hiritar Kontseiluak, alderdia krisi betean dela, eta ohartarazi du bere ezein hautsetsi ezin dela bereganatu talde parlamentarioaz, ezta haren ahotsaz ere. "Alderdiko organoak eta haren erabaki demokratikoak errespetatzera" dei egin dute. Halaber, Nafarroako Ahal Dugu-k iazko maiatzean onartutako Dokumentu Politikoa, Organizatiboa eta Etikoa defenditu dute. Batzarrean izan da Eduardo Santos herrialdeko idazkari nagusia.
Nafarroako Ahal Dugu-ren talde parlamentarioa bitan zatitu zen joan den astean, zuzendaritzak Laura Perez legebiltzarkidearen militantzia behin-behinean etenda, besteak beste alderdia suntsitzeko azpilanean aritzea leporatuta. Perezen ildokoak dira beste hiru parlamentari, eta beste ildokoak dira gainerako hirurak.
Hiritar Kontseiluak adierazi du kargu publiko denek hartu zutela alderdiko kode etikoa betetzeko konpromisoa.