Nafarroako AHTaren aurkako hautetsi sareak «eztabaida soziala» eskatu du

Gasteizen, lurpeko tren geltokia eraikitzeaz arduratuko den sozietatea aurkeztu dute

AHTaren aurkako hautetsien sarearen agerraldia, atzo, Iruñean. LANDER FDEZ ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2010eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroa osoko ehun hautetsik AHTaren aurka sortutako sareak«zalantzan» jarri du tren lasterraren proiektuaren beharra, eta sortuko liratekeen ingurumen arazo eta ondorio ekonomikoengatik kezkaturik agertu da. Nafarroako AHT Gelditu! Elkarlanak bultzatutako «eztabaida sozialaren aldeko» sinadura bilketarekin bat egin du. Bestalde, Nafarroako aurrekontu orokorren aurka larunbatean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.

AHTaren aurkako hautetsi sarea 30 bat herriko alkatek, zinegotzik eta hautetsik sortu zuten. Sarearen helburua da bultzatzea proiektuaren inguruko parte-hartze soziala defendatzeko lan komuna. Ehun hautetsien izenean, Etxalar, Baztan, Bera, Berriozar, Etxauri, Bakaiku, Uharte Arakil, Altsasu eta Arbizuko alkate, zinegotzi eta hautsiek hitz egin zuten.

Nafarroako AHT Gelditu! Elkarlana azaroaren 29an hasi zen «eztabaida soziala» eskatuz, sinadura bilketa egiten. Elkarlanak adierazi zuenez, lehenengo egunean 100 sinadura baino gehiago jaso zituzten. Egun hauetan jaso dituzten sinadurei hautetsien sarearenak gehitu behar zaizkie, Elkarlanak Nafarroako Gobernuari egingo zaion eskaerari babesa emanez.

Eztabaida sozialaren aldeko sinadura bilketarekin, AHTaren «tramite administratiboak» geldiarazteko eskatu diote Nafarroako Gobernuari. Behintzat, «herritarren parte-hartzea eta ezinbestekoa den azpiegituraren inguruko eztabaida soziala bideratu arte». Gainera, eskatzen dute «konpromiso argia» agertzeko eraikuntzak eragingo lituzkeen ondorioengatik kaltetutako udalak, herritarrak eta «gizarte osoa» informatzeko. Ingurumenari kalterik egiten ez dion «garraio publiko eta sozial» baten alde egin dute, eta Nafarroako Gobernuak garraio mota horren aldeko konpromisoa hartzeko eskatu dute hautetsiek. AHT Gelditu! Elkarlanak abian jarritako sinadura bilketan herritarrek babesa emateko deia egin dute.

Eztabaida eta parte-hartzea sustatzeko, hautsiek hartutako konpromisoetan dago herritarrei helaraztea jasotzen duten informazio guztia. Horrekin, herritarrei eman nahi diete hitza: «Proiektuaren aurkako iritziei ateak zabaltzeko helburua duten ekimenak babestuko ditugu». Hautetsi sareko herri batzuetan abiadura handiko trenaren aurkako mozioak onartu direla, eta besteetan mozioak aurkezteko asmoa dutela adierazi dute.

Aurrekontuak: Herriak erabaki, herriarentzat lelopean bihar aurrekontu orokorren aurka Iruñean egingo den manifestazioari atxiki zaio hautetsi sarea. «Ez da bidezkoa, aurrekontuetan murrizketak gero eta bortitzagoak diren bitartean, inolako helburu sozialik ez duen AHTaren proiektuarekin aurrera jarraitzea». 2011ko aurrekontuetan trenaren obrei hasiera emateko 43 milioi euro aurreikusi dira. «Udaletara bideratzen diren laguntzak, ordea, murriztuz doaz».

Gasteizko proiektua martxan

Atzo aurkeztu zuten Gasteizko Abiadura Handia SA enpresa. Besteak beste, lurpeko tren geltokiaren obrak egingo ditu enpresa horrek.

Ekitaldian izan ziren Patxi Lopez lehendakaria, Jose Blanco Espainiako Sustapen ministroa, Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusia eta Patxi Lazkoz Gasteizko alkatea. Laurak pozik agertu ziren trena lurperatzeagatik, eta AHTaren alde duten konpromisoa berretsi zuten. Lurperatzeari buruzko galdeketaren aldeko taldeak protesta egin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.