Ingurumena

Nafarroako AHTaren epeak argitzeko eskatu diote UPNk eta PSNk Madrili

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak bilera egin dute gaur arratsaldean. Tren lasterraren korridore osoa egitea ezinbesteko jo dute.

2013ko maiatzaren 28a
19:24
Entzun

Nafarroan tren lasterraren bidea egiteko epeak argitzeko eskatuko dio Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuari. Hala adostu du gaur PSNko ordezkariekin egin duen bileran.

Luis Zarraluki Nafarroako Gobernuko Sustapen kontseilariak joan den astean onartu zuen Nafarroan 70 kilometro eskas izango dituela AHTak, eta ez duela loturarik izango ez Euskal Y-arekin, ez Zaragozarekin.

PSNk kudeaketa txarra egitea egotzi zion orduan UPNren gobernuari. AHTaren egoerari buruzko kezkak eraginda egin dute gaur arratsaldeko bilera.

Tren lasterra osorik, Zaragozatik Euskal Y-arekin lotura egin arte, da garrantzitsua, bi alderdietako kideen esanetan: "Nafarroak osorik eraiki nahi du korridorea, eta Estatuari eskatuko dio behin betirako eraikitzeko epeak zehazteko".

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiari eskaini dio "indarrak batzea". Espainiako Gobernuarengana elkarrekin joatea ere proposatu dio, Jimenezek ukatu duen arren; ministerioarekin biltzea gobernuari dagokiola esan du PSNko idazkariak.

Nafarroako Gobernuak lortzen badu Madrilek epe eta kronograma zehatzak jartzea, Jimenezen esanetan, PSNk babesa emango dio Barcinaren gobernuari, "AHTa eztabaidatu ezin den kontua baita, garapena dakarrelako".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.