AHT-a

Nafarroako AHTaren lanak gelditzeko eskatu du EH Bilduk

Koalizioak galdegin dio gobernuari egin ditzala "beharrezko azterketak" egungo tren zerbitzua hobetzeko.

EH Bilduko diputatu Adolfo Araiz, artxiboko argazki batean. IñIGO URIZ, FOKU
2018ko uztailaren 25a
13:51
Entzun

Europako Kontu Auzitegiak AHTaren gainkostuen eta bidaiaririk ezari buruz ohartarazi ostean heldu da EH Bilduren mozioa. Bertan, Uxue Barkos presidentearen gobernuari eskatu diote utz ditzala bertan behera lanak, eta ez ditzala tarte gehiago esleitu. Horretaz gain, Madrilekin elkarlanean aritzearen aurka ere agertu da koalizioa: "Ez dugu defendatuko dirua xahutuko duen eta eraginkorra izango ez den tren eredu bat. Nafarroako Gobernuak AHTa babesten badu, hiru kideren irizpideen aurka babestuko du".

Aldi berean, eskatu diote gobernuari egin ditzala beharrezko azterketa sozioekonomikoak egungo trenbide sarea hobetu eta hura "herritarren eta salgaien zerbitzura" jartzeko. "Manu Aierdi presidenteordeak behin eta berriz dio abiadura handiko trena estrategikoa dela, baina baieztapen hori kolokan jartzen du Europak".

Alde horretatik, Maiorga Ramirez eta Adolfo Araiz diputatuek nabarmendu dute Kontu Auzitegiaren txostenak mugarri bat jartzen duela: "Abiadura handia ez da beharrezkoa toki guztietan. Dirua xahuzea besterik ekarriko ez duen azpiegitura bat eraiki nahi dute, trenaren ondorio sozioekonomikoei buruz inolako azterketarik egin gabe".

Nafarroako EH Bilduk ez ezik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan koalizioak dituen ordezkariek ere AHTaren lanak gelditzeko eskatuko dute Espainiako eta Europako erakundeetan. Horretaz gain, tren ereduaren inguruko hausnarketa egingo duen batzorde bat sortzea eskatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.