Politika

Nafarroako aldaketaren alde agertu dira Iruñean

Elurpean eta euripean bi mila pertsona inguru manifestatu dira 'Aldaketa sozial eta politikoaren alde, bat egin dezagun' lelopean. EAri, Aralarri eta ezker abertzaleari "ausart izateko" eskatu diete deitzaileek. "Aldaketa gizarte eragile, sindikatu eta alderdi politiko abertzale, progresista eta ezkertiar guztien elkarlanetik landu" behar dela gaineratu dute. Manifestazioa Golem Zinemetatik abiatu da, 17:00etan. Hamaika Bil Gaitezen eta Ezker Soberanista Eraikitzen taldeek deitu dute.

2010eko abenduaren 3a
19:54
Entzun
Eguraldi txarra eta hotza ez dira oztopo izan Hamaika Bil Gaitezen eta Ezker Soberanista Eraikitzen taldeek deituriko manifestazioan parte hartzeko. Bi mila pertsona inguru bildu dira, elurrari eta euriari aurre eginez Aldaketa sozial eta politikoaren alde, bat egin dezagun lelopean Nafarroaren Eguna "aldaketa sozial eta politikoaren aldeko aldarri" bihurtzeko. 17:00etan abiatu da manifestazioa, Iruñeko Golem zinemetatik.

Hainbat politikari ezagunek parte hartu dute. Besteak beste, ezker abertzaleko Xanti Kiroga eta Txelui Moreno bertan egon dira, baita EAko Koldo Amezketa ere. Manifestazioa Gaztelu plazan bukatu da, eta deitzaileek aldaketa politikoaren aldeko manifestua irakurri dute; Bakartxo Ruiz Hamaika Bil Gaitezenen taldeko kideak euskaraz, eta Yolanda Duval Ezker Soberanista Eraikitzeneko kideak gaztelaniaz. EAri, Aralarri eta ezker abertzaleari "ausart izateko" eskatu diete eta "egoeraren maila berean" egoteko. "Aldaketa gizarte eragile, sindikatu eta alderdi politiko abertzale, progresista eta ezkertiar guztien elkarlanetik landu" behar dela gaineratu dute.

Bidean independentziaren aldeko oihuak eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzearen aldeko aldarriak entzun dira. Manifestazioa PSNren egoitzatik pasatu denean "PSOE=GAL" eta Rubalcabaren kontrako garrasiak entzun dira.

Bestelako Nafarroaren beharra

Manifestazioaren bezperan deitzaileek aldarrikatu zuten "abenduaren 3a gure herriarentzat aldaketa sozial eta politikoaren aldarrikapenean indarrak bateratzeko eguna" izan behar dela. "Ikuspegi abertzale, aurrerakoi eta ezkertiarretik, bestelako Nafarroaren beharra irudikatzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.