Oroimen Historikoa

Nafarroako armarritik ereinotz frankista kendu dute Saloun

Iruñeko gobernuak eskatu zion Kataluniako Generalitateari ikurra kentzeko Jaume I.a erregearen monumenturik.

Hargin bat, ikur frankista kentzen Nafarroako armarritik, Saloun (Herrialde Katalanak).
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 29a
14:25
Entzun

Kataluniako Generalitateko Justizia sailburu Ester Capellak ofizialki adierazi dio Nafarroako Gobernuari kendu egin dutela Salouko (Herrialde Katalanak) monumentu publiko batean erresumaren armarrian agertzen zen ikur frankista.

Jaume I.a erregea gogoratzeko monumentuan dago Nafarroako armarria, hiriko izen bereko pasealekuan. Iruñeko gobernuak 2017. urtean eskatu zion Generalitateari frankistek armarriari gehituriko gurutze ereinozduna kentzeko. Iaz elkarlana sinatu zuten bi administrazioek oroimen historikoaren inguruan.

San Fernandoren gurutze ereinozduna Espainiako Armadaren sari nagusia da, eta Francisco Franco diktadoreak bere alde borrokatu ziren zenbaiti banatu zien. Nafarroari, 1937an eman zion, 1936an kolpista nafarrek emandako babesarengatik eta gerran egindakoengatik. Geroztik eraikitako hainbat monumentutan ikurra gehitu izan zioten armarriari.

Nafarroako Memoria Historikoaren Legeak behartu egiten du ereinozduna eraikin publikoetatik kentzera. Memoria Historikoari buruzko Koordinazio batzorde teknikoak 224 ikur frankista identifikatu zituen Nafarroan, eta horiek kentzea gomendatu zuen. Urte horretan bertan kendu zuten Nafarroako Jauregitik, eta erresumaren armarriarekin ordezkatu zuten.

Saloun ikurra kentzeko lana operazio txikia izan dela adierazi du Nafarroako Gobernuak, eta ez duela arriskuan jarri monumentua. «Horrekin bete egin da Memoria Historikoaren Legea, indarkeria frankista goratzen dituzten ikurrei dagokionean», adierazi du Iruñeko gobernuak, ohar baten bidez.

 

1229ko gertaera

Salouko oroigarriak 1229. urteko gertaera bat goraipatzen du. Erregearen itsas armada Saloutik atera zen orduan Mallorca konkistatzera. Jaume I.a eta Nafarroako Antso VII.a Azkarra aliatuak izan ziren. Nafarrak laguntza eskatu zion Gaztela eta Frantziaren aurka, Nafarroako zatituriko erresuma Gaztelako edo Frantziako erresumetan sartzea galarazteko.

Monumentua 1965. urtean inauguratu zuten. Salvador Ripoll arkitektoak eta Lluis Maria Saumells eskultoreak egin zituen, eta hainbat armarri ditu oinarrian, tartean Nafarroakoa.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.