Nafarroako Gobernuak 2011rako onartu dituen aurrekontuak ez dira nahikoak euskararen normalizaziorako, Kontseiluaren iritziz. Paul Bilbao idazkari nagusiak adierazi duenez, «euskararen normalizazioa ezin da inolaz ere bermatu diru baliabide horiekin». Nafarroako Gobernuaren aurrekontu proiektuak 1.215.136 euro aurreikusten ditu euskararentzat, 2010ean baino 147.204 euro gutxiago, eta 2008. urtean baino 1.545.578 gutxiago. Nolanahi ere, aurtengo aurrekontuak aurreko urteetakoen segida dira, Kontseiluaren ustez, «bai egiturari dagokionez, bai kopuruei dagokienez».
Kontseiluak nabarmendu du Euskarabideak murrizketa izan duela aurrekontuan, 160.000 eurokoa. «Eta, hala ere, Euskarabideak berak xahutzen ditu bere aurrekontuan dauden euro guztien bi heren. Euskalgintzaren eskuetara 986.982 euro iristen dira, eta Euskarabidearen aurrekontua 3.030.429 euro da».
Kontseiluak egin duen azterketaren emaitzek azaltzen dutenez, «euskalgintzarentzako diru sail gehienak izoztu egin dituzte, eta, beraz, KPIa aplikatu ez den neurrian erosmena galtzen dute euskalgintzako eragileek». Ildo horretan, Bilbaok nabarmendu du izozteak ez direla eremu guztietan gertatu. «Atzerriko hizkuntzak hedatzeko diru sailak handitu egiten dira, eta, gainera, euskalgintzari eskaintzen zaizkionak baino handiagoak dira. Atzerriko hizkuntzak hedatzeko diru saila 1.629.800 euro izango da.
Aurrekontuen proiektuaren inguruan, Bilbaok dei egin die herritarrei euskararen aldeko konpromiso zehatzak har ditzaten. «Euskaraz bizitzeko dugun nahia ez dute geldiaraziko politika zital honekin».
Nafarroako aurrekontuak euskararentzat ez dira aski, Kontseiluaren iritziz
Paul Bilbao idazkari nagusiaren arabera, 2011rako asmoek ezin dute hizkuntzaren normalizazioa bermatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu