Nafarroako Parlamentuko alderdi guztiek, Nafarroako PPk izan ezik, osoko zuzenketak aurkeztu dizkiete 2015eko aurrekontuei. PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik aurkeztutako testuak azaroaren 25eko osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte.
Carlos Garcia Adanero UPNko bozeramaileak adierazi duenez, "errazena" osoko zuzenketak aurkeztea da, ezetz bozkatzea eta "eztabaidaz ahaztea".
Juan Jose Lizarbe PSNko ordezkariaren arabera, ordea, gobernuak "adostasun politikorako ariketa bat" egin beharko luke. Uste du nahiago duela aurrekontuak luzatu eta, horrela, kontuak "nahierara" kudeatzen jarraitu.
Bilduko Maiorga Ramirezen hitzetan, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuek murrizketa gehiago dakartzate, eta salatu du Barcina buru duen gobernuak ez duela egin akordio bat lortzeko "inolako ahaleginik". "Austeritate politikak ez dira gizarte honen erronkak konpontzen dituztenak". Ildo beretik mintzatu da Jose Miguel Nuin Ezkerrako kidea. Esan duenez, aurreproiektuak "ez du balio" krisi ekonomikoari aurre egiteko, ezta ekonomia suspertzeko ere.
Geroa Baiko Manu Aierdik azaldu duenez, gobernuak mahai gainean jarritakoak ez die "beharrezko konfiantza" eman, eta gaineratu du aurrekontuak luzatzea baino "hobea" dela osoko zuzenketa bat aurkeztea.
Ana Beltran PPko bozeramaileak ziurtatu du ez dutela gainerako alderdien osoko zuzenketarik babestuko.