EUSKALGINTZA

Nafarroako aurrekontuetan euskararendako diru saila "aski eza" dela salatu du Kontseiluak

Gobernuak aurkeztutako aurrekontu proiektuaren %0,1 soilik bideratuko da euskara sustatzeko. Paul Bilbaoren ustez, "beharretatik oso urrun gelditzen da kopuru hori".

Paul Bilbao eta Iñaki Lasa, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA, ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2015eko azaroaren 27a
11:43
Entzun

Nafarroako Gobernuak gaur aurkeztu du legebiltzarrean 2016ko aurrekontuen zirriborroa, eta hori baliatuta, egitasmoaren balorazioa egin du Kontseiluak. Euskararen sustapenerako eta normalizaziorako diru sailak “aski ezak” direla salatu dute Paul Bilbao idazkari nagusiak eta Iñaki Lasa ildo politiko-instituzionaleko arduradunak. “Prestatzen ari diren aurrekontu hauek ez dira euskararen normalizazioan aldaketa eragiteko egindakoak. Ez dira egokiak hizkuntza-politika berri bat eraikitzeko”, esan du Bilbaok.

Zehazki, Euskarabidea erakundeari esleitu zaion kopurua aurrekontuaren %0,1 izatea kritikatu dute Kontseiluko kideek. “Aurrekontuok aztertzeko, Anaitasuna kiroldegian aurkeztutako txostena oinarri gisa erabili dugu; orduan aurreratu genuen gutxieneko kopuru bat euskararen normalizaziorako: aurrekontuen %2. Argi dago orain aurkeztu duten %0,1 hori oso urrun gelditzen dela. Egia da hainbat sektoretan, hedlduen euskalduntze eta alfabetatzean eta hedabideetan berreskuratu direla diru-partidak. Hala ere, orduan esaten genuen moduan, ez dira nahikoak, sektore hauek laguntza handiagoa behar dute.. Esleitutako kopuruak ez du aukerarik ematen azken urteotan euskalgintzaren baitako eragileak bizitzen ari diren egoera txarra gainditzeko eta ezta proiektu berriak abiatzeko ere. Horren ondorioz, bertan aritzen diren profesionalek gutxienez beste urte betez egoera prekarioan segitu beharko dute”, azaldu du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Hizkuntza politika “saihestezina” dela gaineratu du Lasak. “Aztertu dugu egiten dena, baina era berean, baita egiten ez dena ere. Eta kasu honetan, askoz gehiago da kontuan hartzen ez dena kontuan hartu dena baino eta horrek ezinbestean desoreka handiak ekarriko dizkio hizkuntza politikari”.

Lasak onartu du gobernu berriak aldaketak ekarri dituela, “batez ere jarrerari dagozkionak”, baina hori ez dela nahikoa: “Lehen, gobernua itxita zegoen; orain, berriz, jarrera irekiagoa eta hurbilagoa sumatu dugu. Baina gobernukideen lana ez da atseginak izatea, politika eraginkorrak egitea baizik. Neurri ausartak hartzen badituzte, prest gaude haien aldamenean egoteko eta babesa adierazteko, baina hala ez bada, aurreko gobernuen politiken segida egiten badute, aurrean aurkituko gaituzte”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.