Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez dio ezetzik esan aste honetan Maria Txibiteren gobernuak koronabirusaren kontrako neurriak arintzeko atera duen foru dekretuari. Izurritearen bilakaera onbidean dela iritzita, gaur egun ezarriak diren mugak leuntzeko asmoa iragarri zuen Gobernuak, eta bidea eman dio asmo horri auzitegiak. Bihar jarriko dira neurri berriak indarrean, eta gutxienez, hilaren 30era arte iraungo dute.
Aldaketek ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren ordutegietan eraginen dute batik bat: ordubete atzeratuko dute ostatuen itxiera ordua, hau da, 02:00 arte izaten ahalko dira zabalik. Lizentzia bereziak dituzten lokalek 03:00 arte ematen ahalko dute zerbitzua; diskotekek eta dantzalekuek, 04:30 arte. Orain arte gisan, debekatua izanen da barran kontsumitzea.
Gainera etxabeen erabilera baimendua da atzera ere. Dena dela, baldintza batzuk bete beharko dituzte: agiri bat helarazi beharko zaie Osasun Departamentuari eta tokian tokiko udalari, erabilera egokia eginen dela adieraziz. Halaber, garraioan baimendua den gehienezko edukiera zabalduko du Nafarroako Gobernuak: %75era handitu nahi dute muga, eta gogorarazi dute ezinbestekoa izanen dela aireztatze egokia bermatzea.