EUSKARA

Nafarroako Auzitegiak atzera bota du Afapnak euskararen dekretuaren aurka jarritako helegitea

Euskara administrazioan arautzeko dekretua "kautelaz" eteteko arrazoirik ez dute ikusi epaileek.

Afapna, UGT, CCOO eta beste sindikatu batzuen protesta, euskarazko lanpostu publikoen kontra. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2018ko urtarrilaren 22a
13:13
Entzun

Euskararen dekretuak indarrean segituko du. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko administrazio auzietarako salak ez du araua "kautelaz" eteteko motiborik antzeman, eta atzera bota du Afapna sindikatuak dekretuaren kontra aurkeztutako helegitea.

Auzitegiaren arabera, euskararen dekretua indarrean jartzeak eraginen lituzkeen "konpondu ezinezko kalteen" frogarik ez du aurkeztu Afapnak. Hori dela eta, magistratuek atzera bota dute sindikatuaren eskaera, eta prozesuaren kostua ordaintzera behartu dute.

Iragan azaroan onartu zuen Nafarroako Gobernuak euskararen dekretua. Orain arte, 2003koa zegoen indarrean; «orain arteko murriztaileena», Uxue Barkos lehendakariaren esanetan. Urteetako desoreka bideratzeko asmoa agertu du gobernuak; adibidez, gobernuko 160.000 lanpostuetatik 160 eskasek dutela hizkuntza eskakizuna. Adierazgarria da Nafarroako Ospitale Guneko kasua: 6.142 lanpostu, eta bakar batean hartzen dute meritu gisa euskaraz jakitea.

Desoreka hori are deigarriagoa da beste datu batzuekin alderatuta. Adibidez, gobernuko postuen %1 ere ez dira euskara eskakizuna daukatenak; euskaldunak dira herritarren %13 (82.000 lagun), eta ia euskaldunak %10 (64.000 lagun). Gazteen artean laurdenera iritsi dira euskaraz badakitenak. Areago, gobernuan bertan mila langile daude euskaraz badakitenak, eskakizunik izan gabe.

Egoera bideratzeko, berritasunak dakartza arau berriak, baina legearen mugak ere agerian utzi ditu. Besteak beste, langileen lehiaketetan eta merituetan euskara kontuan hartzea ekarriko du orain arte aintzat hartzen ez zen eremuetan ere. Euskarazko zerbitzua emateko irizpideak ere ezarri ditu. Baina muga handi batekin: eremu mistoan eta ez-euskaldunean euskaraz jarduteko aukera ageri da, oro har, ez betebeharrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.