Tortura

Nafarroako Auzitegiak berriz artxibatu du Compainsen tortura salaketa

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ikerketa berriz hartzera behartu zuen Iruñeko auzitegia, baina zenbait diligentzia egin ondoren, artxibatu egin zuen salaketa. Erabaki hori berretsi du orain Nafarroako Lurralde Auzitegiak.

Compainsen tortura salaketari buruzko agerraldia, gaur, Iruñean. NAFARROAKO SORTU.
Hodei Iruretagoiena
2018ko abenduaren 11
07:24
Entzun

"Espainiako auzitegietan dudan itxaropena hutsaren hurrena da". Hala mintzatu zen Eneko Compains maiatzean, Iruñeko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak lau guardia zibili deklarazioa hartu zienean. Auzitegiek beraiek berretsi diote susmo hori: Iruñeko auzitegiak artxibatu egin zuen kasua, eta Nafarroako Lurralde Auzitegira jo zuen Compainsek, dei helegite baten bidez. Han ere ukatu egin diote, ordea, eta Sorturen Kontseilu Nazionaleko kideak adierazi du ez duela helegite gehiago jartzeko asmorik. "Ez dut pentsatzen energia gehiago xahutzea guztiz antzua den auzibide batean. Baina inork ez dezala pentsa etxera joango naizenik. Kalean borrokan jarraituko dugu, babesten gaituzten milaka lagunekin batera, aitortza, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak eskatzen".

Compains 2010eko irailean atxilotu zuen Guardia Zibilak, beste bederatzi lagunekin batera, Ekineko kide izatea egotzita. Haietako seik torturak salatu zituzten, baina Sandra Barrenetxearen salaketak baino ez zuen aurrera egin. Iazko martxoan Bilbon eginiko epaiketan, Barrenetxeak hiru guardia zibil identifikatu arren, epaimahaiak errugabetu egin zituen.

Compainsen salaketa, hasieran, artxibatu egin zuen Iruñeko Epaitegiak, baina iaz Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berriz hartzera behartu zuen, ikerketa "sakon eta eraginkorrik" egon ez zela arrazoituta. Aurrez, Estrasburgok zazpi aldiz zigortu zuen Espainia, arrazoi berberagatik; tartean, Compainsen operazio berean atxilotu zuten Jon Patxi Arratibelen kasuan. Iruñeko Auzitegiak deklarazioa hartu zien, besteak beste, Compainsi berari eta lau guardia zibili, baina artxibatu egin zuen auzia.

Istangulgo protokoloa

Istanbulgo protokoloa egina du Compainsek, eta gaurko agerraldian gogora ekarri du tortura testigantza baten sinesgarritasuna neurtzeko "tresnarik aurreratuena" dela nazioartean. Iruñeko Auzitegiak arrazoitu du, Compainsen arabera, ez dagoela "beste frogarik" tortura salaketa egiaztatzeko. "Azken batean, esan nahi duena zera da: nire torturatzaileei gorputzean markak uzteko eskatu behar niela, edo, bestela, lekukoak lortu behar nituela, lau egun inkomunikatuta eta begiak estalita eduki baninduten ere".

"Ondorioa argia da", salatu dute Sortuko kideek: "Berriz ere torturaren inpunitatearen arkitektura osoari berrespen judiziala eman zaio. Kontrara, urte guzti hauetan estrategia argia jarraitu da: tortura onartu, bultzatu eta saritu". Horren aurka, Eusko Jaurlaritzak hartutako bidea urratzeko eskatu dio Sortuk Nafarroako Gobernuari: "Ebidentzia bat da Euskal Herrian torturatu egin dela. EAEko ikerketaren harira, zeren zain dago Nafarroako Gobernua herrialde honetan izandako tortura kasuak ikertzeko?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.