Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ezezkoa eman dio Afapnari. Nafarroako Gobernuaren 2017ko Lan Eskaintza Publikoa auzitara eraman zuen sindikatuak, eta epaia heldu bitartean, deialdia behin-behinean eteteko eskaera egin zuen, kautelazko neurri gisa. Hori da auzitegiak atzera bota duena. Epaileak ez du kautelazko neurriak ezartzeko "motibaziorik" ikusi, eta prozesuaren kostua pagatzera behartu du Afapna.
Administrazio Auzietako Salaren arabera, Afapnak aurkeztutako argudioetan ez da LEParen etetea justifikatzeko "motibo argirik" antzematen ahal: "Helegitea jarri duenak eskatzen duen analisia ezin da kautelazko neurrien esparruan ebatzi, auziaren funtsari dagokion epaian aztertu beharreko kontua baita". LEPean eskainitako euskarazko lanpostuak "gehiegizkotzat" jo zituen Afapnak, helegitea jartzeko arrazoien artean.