Nafarroako senar-emazte batzuk hil dira Almerian (Espainia) izandako istripu batean, kamioi batek eta auto batek talka egin ondoren. Haien bi haurrak, adingabeak, larri zauritu dira, eta ospitalera eraman dituzte.
Ezbeharra 12:10 aldera jazo da, Nijarren. Emandako informazioaren arabera, Guardia Zibilak atxilotu egin du kamioi gidaria, drogetan positibo eman duelako; substantzia estupefazienteen kontsumoan eman du positibo. Zuhurtziagabekeriazko bi giza hilketa, zuhurtziagabekeriazko bi lesio larri eta bide segurtasunaren aurkako delitu bat egotzi dizkiote.
Istripuan hildakoetako bat Maria Zandio da, NOG Nafarroako Ospitale Guneko asistentzia zuzendaria.
Autoan zihoan gizonezkoa helikopteroz eraman dute Torrecardenako Unibertsitate Ospitalera, larri, eta han hil da. Zauritutako bi haurrak, berriz, oso larri daude ospitaleratuta, ZIU zainketa intentsiboetako unitatean.