Gaur zenbatu dituzte igandeko hauteskundeetan Espainiako Estatutik kanpo dauden lagunek emandako botoak, eta Nafarroan baieztatu da Geroa Bai koalizioarena dela jokoan zegoen diputatua —herrialdeko bosgarrena—. 1.680 nafarrek eskatu zuten botoa postaz ematea, eta UPN-PPk horietatik 1.134 eskuratu behar zituen parlamentari hori lortzeko. Denera 893 boto zenbatu dituzte Nafarroako hauteskunde batzordean, eta UPNk-PPk 398 lortu ditu.
Besteak: PSNk 258 boto, Amaiurrek 74, Geroa Baik 50, Ezkerrak 37, UPDk 30, Equok 11. Beste hamabost boto izan dira.
Ondorioz, UPNk-PPk bi diputatu izango ditu Kongresuan (126.499 boz lortuta), PSNk 1 (72.914), Amaiurrek 1 (49.174) eta Geroa Baik 1 (42.461). Abertzaleek sekula ez zituzten erdietsi bi parlamentari.
Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako emaitzetan Espainiako Estatutik kanpoko botoek ez zuten eraginik.
Espaniako Estatuaren barruan posta bidez bozkatzea erabaki dutenen botoak igandean zenbatu zituzten, baina haien artean ez zeuden estatutik kanpo bizi direnen botoak, horiek zuzenean iristen baitira lurralde bakoitzeko hauteskunde batzordera; pozta bidez bozkatzen dutenen botoak zuzenean iristen dira hauteskunde egunean bertan dagokien bozkalekura.