gizartea

Nafarroako Bozeramaileen Batzordeak "kultur ondare" jo ditu zezen ikuskizunak

CDNk egin du zezenketen-eta aldeko proposamena, eta UPN eta PSN ados agertu dira. NaBai eta IUN, kontra.

2010eko martxoaren 15a
15:47
Entzun
Espainian eta Herrialde Katalanetan zezenketez dagoen eztabaida azkar batean ekarri du CDNk Nafarroara. Izan ere, zezenketak eta, oro har, zezen ikuskizunak "kultur ondare" jotzeko proposamena eraman du gaur Andres Burgete parlamentariak Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordera eta balekoa eman dio honek, gehiengo osoz. CDN ez ezik, UPN eta PSN alde agertu dira. Adierazpen instituzionala onartu dute. Nafarroa Bai eta IUN aurka azaldu dira.

Bozeramaileen Batzordeak -Eledun Batzarrak-, dena dela, ez du jakinarazi orain zer pauso emango dituzten, gaia legebiltzarrera pasatuko den.

Nafarroan hainbat lekutan egiten dituzte zezenketak, eta are toki gehiagotan entzierroak, sokamuturra eta bestelako zezen ikuskizunak. Burgeteren ustez, "festa patronalak ezin dira ulertu zezen ikuskizun tradizionalak gabe". Gainera, aitortza instituzionalari esker, "ikuskizun horiek garatu eta babestu" egingo lirateke; "egokitu ere bai gaurko egunera".

Patxi Zabaleta NaBaiko bozeramaileak azaldu du Parlamentuan ezer erabaki aurretik zezenketei buruzko "gizarteko eztabaida errespetatu" egin behar dela eta "entzun" egin behar dela. Zezen ikuskizunek aitortza instituzionalik ez dute behar, Zabaletaren iritziz. Ion Erro IUNko parlamentariak esan du eztabaida hori ez dagoela Nafarroan.

Kataluniako Parlamentuak aurki erabaki beharko du zezenketak debekatu edo ez. Herri ekimen baten bidez iritsi da afera legebiltzarrera; debekatzeko eskatzen dute. Madril eta Valentzia erkidegoetako parlamentuek kultur ondaretzat jo berri dituzte zezenketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.