Nafarroako bozetara elkarrekin aurkeztuko dira Batzarre eta EB

2011ri begira egindako akordiorako oinarrian adostu dute Parlamentura eta Iruñeko zein Tuterako udaletara batera joatea

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Batzarre eta Nafarroako Ezker Batua elkarrekin aurkeztuko dira 2011ko Nafarroako foru hauteskundeetara. Iruñeko eta Tuterako udal bozetara ere elkarrekin aurkeztea adostu dute, eta gainerako herrietan berdin aritzeko prestasuna azaldu. Negoziazio taldeek atzo eman zuten akordiorako oinarriaren berri. Orain, erabakia behin betikoa bihur dadin, alderdien zuzendaritzek eman behar dute oniritzia.

Batzarre Nafarroa Bai koalizioan aritu da azken bi legealdietan, baina datorren urtean ez zuela koalizioan jarraituko esana zuen desadostasun ideologikoak eta barne antolaketari buruzko desadostasunak argudiatuta. Nafarroako Ezker Batuak bi parlamentari lortu zituen 2007an.

Bi alderdiek jakinarazi dutenez, «bide aldaketa» nahi dutelako erabaki dute elkarlanean aritzea. «Nafarroako indar eraldatzaileen ardatza indartu» nahi dutela diote; «ezkerraren balioei buruzko hitzarmen programatikoen inguruan» egin nahi dutela «bide aldaketa», eta indarrak batu nahi dituztela horretarako.

Krisi ekonomikoari «aterabide sozial eta iraunkorra» bilatzea izango da bi alderdien «lehentasun politikoa». Egungo eredua neoliberala dela-eta, ongizate estatuaren aldeko apustua egin dute Batzarrek eta Nafarroako EBk akordiorako oinarrirako txostenean: «Justizia soziala eta ingurumenaren iraunkortasunaren sendotzea ardatz hartzen duen eredu alternatiboaren alde».

Bestalde, identitateen, elkarbizitzaren eta aniztasunaren aldeko apustua ere egin dute. Nafarroa plurala dela diote, eta identitate guztiak errespetatu behar direla, inolako inposiziorik gabe. Horretarako, elkarrizketa «lan tresna hoberena eta bide demokratiko bakarra» dela uste dute.

Autogobernua eta erabakitzeko gaitasunari dagokionez, haien arabera, «komunitatearen etorkizuna» ezin du «hiritargoaren erabaki libre eta demokratikoa» ez den beste ezerk finkatu.

Bakegintzarako bide demokratikoak defendatu, «bortizkeria eta inposizioa baztertu», eta «ETAren, bera laguntzen dutenen, bere inposizio totalitarioaren eta ezberdin pentsatzen dutenen jazarpenaren deslegitimazioarekiko konpromisoa hartzen dugu», adierazi dute. «ETAren kontrako borrokan eskubideen urratzea zein politikan parte hartzea murriztea ere arbuiatzen ditugu». ETAren desagerpena aldarrikatu dute, eta hori egiaztatu ondoren, adiskidetzearen alde lan egiteko konpromisoa hartu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.