Sexu abusuak

Nafarroako Elizaren barkamen eskea «eskasa» dela eta «berandu datorrela» salatu dute abusuen biktimek

Nafarroako Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen Elkarteko ordezkariek bilera bat egin dute Iruñeko artzapezpikuarekin, eta neurri eraginkorrak galdegin dizkiote

Ikastetxe erlijiosoetako biktimen elkarteko kideak, gaur, Iruñeko Artzapezpikuaren egoitzaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko uztailaren 1a
16:41
Entzun

Ez da aski. Nafarroako ikastetxe erlijiosoetan sexu abusuak pairatutako biktimentzat «urrats bat» da Francisco Perezek, Iruñeko artzapezpikuak, barkamena publikoki eskatu izana, baina uste dute «motz» gelditu dela eta «Elizak urte askotan izandako jokabidea zuritzeko ariketa» besterik ez dela.

«Giro onean egin dugu bilera, eta Artzapezpikutza prest azaldu da bestelako neurri batzuk hartzeko, baina bide luzea falta da oraindik. Ongi dago barkamena eskatu eta gertatutakoa aitortu izana, baina justizia eta ordaina falta zaizkigu», azaldu du Jesus Zudairek, Nafarroako Ikastetxe Erlijiosoetako Biktimen Elkarteko buruak. Iragan asteartean, Lizarrako El Puy ikastetxean 1960 eta 1970eko hamarkadetan salatutako sexu abusuei buruzko txostena aurkeztu zuen gotzainak, eta barkamena eskatu zuen, «abusu fisiko edo sexualen zantzuak atzeman baziren horiek bere garaian ikertu beharra zegoelako».

Urte horietan El Puyko ikasle izandako askok «ukitzeak, tratu txarrak eta jokabide lizunak» salatu zituzten. Salaketa aurkeztu zuten epaitegietan, baina auzia artxibatu zuten, delitua preskribatuta dagoelako eta ustezko abusatzailea aspaldi hil zelako. «Jose San Julian apaizaren biktimak gara!», aldarrikatu du elkarteko kide den Fernando Roncalek, hedabideen aitzinean. «Artzapezpikutzari gogorarazi behar zaio guri egin zizkigutenak ez zirela bekatuak izan, askotan esaten duten bezala, delituak baizik. Eta delituak diren heinean, epaituak izan beharko lirateke, edo, gutxienez, biktima izan ginenoi justizia errestauratiboa jasotzeko bide bat eskaini».

Hori dela eta, prozesu juridikoa bertan behera gelditu bada ere, «harago» joateko eskatu diote Perez artzapezpikuari. Pederastia kasuak estaltzeko eta salaketei entzungor egiteko erabakiaz galdetu diote: «El Puy ikastetxeko abusuen berri izan zutenean, San Julian apaiza lekualdatu zuten, eta beste ikastetxe batera eraman. Horren inguruan galdetu diogu gotzainari, eta aitortu digu apaiz horren txostena desagertu egin dela», esan du Zudairek. Haren esanetan, Perez artzapezpikuak «esplizituki» onartu die «auzia estali egin zela».

Gotzainak baztertutako biktimak: «Makillaje hutsa da»

El Puy ikastetxeko biktimez gain, hitza hartu dute beste zenbait eskoletako ikasle ohiek ere. Are gogorrago mintzatu dira Nafarroako Elizaren jarreraz, uste baitute gotzainak «ateak itxi» dizkiela: «Bileratik kanpo utzi gaituzte», salatu du Mikel Eziolatzak. Obanosko Erreparaziokoen komentuan ikasi zuen, eta abusuak salatu zituen, baina ikastetxea ordena erlijioso baten menpe dago, eta, gotzainak asteartean argudiatu zuenez, ez da Iruñeko Artzapezpikutzaren eskuduntzakoa hor gertatutakoa ikertzea. «Elizak bizkarra eman digu eta laguntza ukatu digu eskatu diogun aldiro; are: gertatutakoa estaltzeko makineriaren parte izan da urteetan», salatu du Eziolatzak. Horregatik, Perez gotzainaren barkamen eskeak «sinesgarritasunik ez» duela uste du: «Honakoa zuriketa edo makillaje ariketa hutsa izan da, eta agerian uzten du gotzainaren jarrera hipokrita».

Eziolatzaren ustez, artzapezpikuak barkamena eskatu izana El Puyko ikasle izandakoei soilik «biktimizazio bikoitza» eragin die gainerako biktimei: «Gainetik kendu du ardura oro, eta bigarren mailako biktima bihurtu gaituzte». Sexu abusuak pairatu zituztenen helburua «egia, justizia eta ordaina» lortzea dela gaineratu du Erreparaziokoen ikasle ohiak: «Ez dugu mendekurik bilatzen, ez gaitu gorrotoak mugitzen, eta ez gara Espainiako Elizaren opakutasuna eta laguntzarik eza salatu ditugun bakarrak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.