Nafarroako Foru Hobekuntzaren 30. urteurrenean, Bakartxo Ruiz Nafarroako Bilduko legebiltzarkideak esan du "Nafarroako egungo estatusa ulertzeko eta horren inguruko eztabaida irekitzeko unea" dela. Haren arabera, ez dago "ezer" ospatzeko. "Orain dela 30 urte, berriro, herritarroi erabakitzeko ahalmena bahitu ziguten. Eta esan bezala, bahiketak, inposaketak, ezin dira ospatu", gaineratu du.
Ruizek nabarmendu du Nafarroa ulertzeko "modu ezberdinak" daudela, eta Nafarroarendako "etorkizun egitasmo ezberdinak" daudela. Horregatik, eztabaida "maila demokratikoan" bideratu behar da, haren arabera, "hitza jendeari emanaz".
Helburua duela 30 urte "bahitu ziguten erabakitzeko ahalmena berreskuratzea" dela adierazi du.
Ruizen arabera, Foru Hobetzearen helburua "Nafarroako estatusa blindatzea" zen, "euskal lurraldeek bat egin ez zezaten".
Horrekin batera, Nafarroan transizio garaia "errepresio bortitzeko garaia" izan zela gogoratu du, eta garai hartan Hego Euskal Herriko lau herrialdeetarako estatutuaren aldeko aldarri soziala nagusi zela.
Bestetik, Patxi Zabaleta NaBaiko parlamentariak adierazi du beharrezkoa dela "gaurkotzeari berehala ekitea", eta horretarako batzorde baten beharra ikusten du.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea, berriz, pozik agertu da hobekuntzarekin. Haren ustetan, Nafarroako herritarren "nahiaren adierazle" da.