NAFARROAKO EUSKARAREN LEGEA. Legearen «traben» gainetik

Legea kontra izan arren herri mugimenduek euskararen normalizazioaren eta ofizialtasunaren alde lan handia egin dutela nabarmendu dute soziolinguistikako adituek.

ainara arratibel gascon
2010eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Zoritxarreko legea». Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko Iñaki Lasak hala definitzen du atzo estreinakoz aldatu zuten legea, Nafarroako Euskararen Legea. «Berez, euskara sustatzeko sortu zen, baina egin duen gauza bakarra euskararen berezko garapenari mugak jartzea izan da», dio Lasak. Bat datoz horrekin Carlos Vilches soziologoa eta Paula Kasares NUPeko irakasle eta NaBaiko parlamentaria. Horren aldean, herritarrek normalizazioren eta ofizialtasunaren alde egindako lana azpimarratu dute. «Errealitate soziolinguistikoa aldatzea lortu dute, gaur egun etengabe igotzen ari baitira lurralde osoan euskararen erabilera eta ezagutza, baita haren aldeko jarrera ere», nabarmendu du Vilchesek.

Legea «zaharkitua» geratu dela diote, eta ezinbestekoa ikusten dute legea «goitik behera» aldatzea. «Alderdi gehienen artean, ordea, ez dago borondate eta sentiberatasun politikorik errealitate hori onartzeko. Askok jada esan dute ez dituztela atzokoa baino aldaketa gehiago onartuko», dio Kasaresek.

Legeak hiru alor jorratzen ditu: hezkuntza, hedabideak eta administrazioa. «Azken biak, ordea, oso azaletik aipatzen ditu», azaldu du Kasaresek. Hala, Lasak gogorarazi du hezkuntza funtsezkoa dela baina normalizazioa ez dela hezkuntzaren bidez soilik lortzen. «Lege honek ia gorputz juridikorik gabe uzten ditu, adibidez, alor sozio-ekonomikoa eta hedabideak. Ondorioz, Gobernuaren borondatearen esku geratzen dira euskararen alde egin daitezkeen urratsak, eta kasu honetan ez dago horretarako borondaterik».

Hezkuntza alorrean aldaketa esanguratsua ikusten dute, gero eta gehiago baitira uste dutenak lurralde osoanizan beharko litzatekeela euskaraz ikasteko aukera. Foru Gobernuaren azken inkestaren arabera, hiru nafarretik bi daude aukera horren alde. «Hori ez da izan, noski, legeari esker, baizik eta herritarrei esker. Izan ere, legeak trabak besterik ez dio jartzen normalizazioari», nabarmendu du Vilchesek. Horren adibide jartzen dute legearen oinarrietako bat den zonifikazioa. «Horren helburu nagusietakoa, hain zuzen, hezkuntzan herritarrek bultzatzen dituzten ekimenei trabak jartzea izan da», iritzi dio Casaresek. Testuinguru horretan kokatzen dute, halaber, ingeles ereduaren alde Nafarroako Gobernuak egindako apustua. «Eredu hori euskararen kaltean bultzatu dute».

Alde horretatik, txalotu egiten dute traben gainetik guraso eta herritar askok ikastolak zein euskaltegiak sortzeko egindako ahalegina. Horiek ugaritzeak nafarren artean euskararen aldekotasuna areagotzen lagundu duela uste du Vilchesek.

Hedabideak eta alor publikoa

Administrazio publikoaren eremuari dagokionez, Lasak gogorarazi du urte hauetan guztietan Nafarroako Gobernuak ez duela plangintzarik egin alor publikoa euskalduntzeko: Foruzaingoa, Osasunbidea...«Alderantziz, hartu dituzten neurri gehienak murriztaileak izan dira», azaldu du Kasaresek. Hala, lurraldea hiru eremutan banatuta egoteak «herritarren hizkuntz eskubideen urraketa areagotzeko» besterik ez duela balio izan uste du. «Nola da posible nik Leitzan hizkuntz eskubide batzuk izatea eta Tutera bizitzera joanez gero eskubide horiek desagertzea?», galdetzen du Lasak. Bide horretan, Kasaresek gogorarazi du egoera hori soilik Nafarroan gertatzen dela. «Gainera, bakarrik hizkuntzan gertatzen da».

Hedabideentzako alorrean, Paula Kasaresek salatu du Nafarroako Gobernuak ez duela bete legeak dioena. «Euskarazko hedabideak sustatu behar direla dio, baina hori ez da betetzen. Laguntzekin gertatutakoa ikustea besterik ez dago. Euskarazko hedabideak egoera prekarioan dituzte. Gainera, ez dakigu etorkizunean ETB ikusi ahal izango dugun, eta Euskalerria irratiak lizentzia gabe emititzen jarraitzen du».

Hala, ez zaie garrantzitsua iruditzen atzo egindako aldaketa. «Sinbolikoki izan daiteke, lehen aldiz legea aldatzea lortu delako.Baina bada garaia egoera soziolinguistikoaren benetako hausnarketa bat egiteko eta horri dagokion lege bat egiteko», dio Vilchesek. Lasak garbi du zeintzuek izan behar duten etorkizuneko legearen oinarriek: «Normalizazioa eta ofizialtasuna lortu behar dira lurralde osoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.