NaBaik eremu mistoa zabaltzearen alde bozkatu duen arren, Euskararen Legearekin oso kritikoa izan da Maiorga Ramirez bozeramailea. Euskararen Legeak nafarrak bizi diren tokiaren arabera mailakatu eta diskriminatu egiten dituela salatu du. «Ni Tafallakoa naiz, hirugarren mailako nafarra, eremu ez-euskaldunean bizi naizelako». Haren irudiko, 1986ko legeak, euskararen alde egin beharrean, herritarren eskubideak «murrizten» ditu. Nafarroa osoan herritar orok zein hizkuntzatan hitz egin eta ikasi nahi duen hautatzeko aske izan beharko luketela aldarrikatu du Ramirezek.
Roberto Jimenez PSNko bozeramaileak, ordea, uste du Euskararen Legea onartzeko garaian oinarri izan ziren arrazoiek indarrean jarraitzen dutela. Hala ere, egun zonifikazioaren inguruan hainbat doitze egin behar direla dio. Legearen moldaketa ez onartzeko arrazoirik ez dagoela adierazi du Jimenezek, UPN gogoan zuela. «Euskararen Legea foru irizpideak aintzat hartuta moldatu da, foru borondatearen alde». Alde horretatik, UPNk egin dituen kritikak ez dituela onartuko adierazi du Jimenezek. Izan ere, legearen moldaketa «narraskeria hutsa» dela salatu du aste honetan bertan UPNk, eta Jimenezek «narraskeria» alderdi horren jarrera dela erantzundu.
Legearen biktimak
Euskararen Legea onartu zenetik 23 urte eta hilabete igaro ostean lege hori moldatzeko garaia zela aitortu du, berriz, Jose Andres Burguete CDNko eledunak. «Hainbatek dioenaren aurka, euskararen garapena ahalbidetu du lege horrek». Gainera, moldaketa 2008ko inkesta soziolinguistikoari esker etorri dela gogorarazi du. «Inkestari esker, legedia egun Nafarroak duen gizarte errealitatera moldatu ahal izan da». Dena den, gai horrek duela hiru hilabete Nafarroako Gobernuaren haustura eragin zuela ekarri du gogora Burguetek: «Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordean lege honen ebazpenean abstenitzeagatik Gobernuan CDNk zituen bi kontseilariak kargutik kendu zituen UPNk».
Jon Erro NEBeko koodinatzailea pozik agertu da, horrenbeste denbora igaro eta gero Euskareren Legea moldatu delako. Legealdi honetan NEBek halako hiru proposamen egin dituela gogoratu du. «Egia da legea moldatzeko oso temati aritu garela, baina ez genuen horretarako inolako interes politikorik», dio Errok. Aranguren, Beraskoain, Galar eta Noain eremu mistoan kokatzea euskararentzat pauso garrantzitsua dela uste du. Hala ere, euskarak Iruñerri osoan tratamendu integrala beharko lukeela adierazi du Errok.
UPN izan da Euskararen Legea moldatzearen aurka bozkatu duen alderdi politiko bakarra. «Hauteskundeetan Euskararen Legea ez aldatzeko emandako hitzari eutsi diogu», azaldu du Carlos Garcia Adanero UPNko kideak. Bere alderdia «koherentea»izan dela eta Parlamentuan inolako konplexurik gabe agertu dela nabarmendu du.
Ezker Abertzalea pozik agertu da, Nafarroako hiru herritako eskoletan -Noainen bada D eredua-haurrek euskaraz ikasteko duten eskubidea bermatu ahal izango delako. Hala ere, argi utzi du Euskararen Legearen moldaketa ez dela euskararen normalizaziorako «nahikoa». Izan ere, akordioa hizkuntzaren iraupenerako pausotzat jo du soilik. Ondorioz, euskararen ofizialtasunaren aldekoak diren herritar zein eragile politiko eta ekonomikoei eskua luzatu die «neurri antzu eta sinpleen gainetik» elkarlanerako dinamikak martxan jartzeko.