Bihar 25 urte beteko dira Nafarroan Euskararen Legea martxan jarri zutela, eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta herrialdeko euskalgintzako zenbait ordezkarik gaur salatu dute lege horrek "euskararen normalizazioa oztopatu" baino ez duela egiten. "Administrazioaren zereginei dagokienez, 25 urte galdu dira".
“Euskaltzaleok ez dugu ezer ospatzeko”, esan du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, Iruñean. "Legea desegokia da, euskarari eskaintzen dion estatusa guztiz desegokia delako, batetik. Bestetik, hizkuntza eskubideak herritarra bizi den eremuaren araberakoa izatea ezartzen du, zonifikazioaren bitartez; hizkuntza eskubideak giza eskubideak direla esan beharrik ez dago eta, ondorioz, herritarrari dagozkio eta ez hizkuntza eremuari”. Gainera, Bilbaok adierazi du araudiak ez dituela arlo guztiak hartzen bere baitan.
Hala ere, Nafarroan euskarak bizirik jarraitzen duela azpimarratu du Kontseiluak, eta hori herritarren eta euskalgintzaren lanagatik gertatu dela.
Kontseiluak dokumental bat egin du gaiari buruz.