Galizia eta Kataluniako Hizkuntza Politika arduradunekin Bilbon egindako agerraldi bateratuan, Patxi Baztarrika "itxaropentsu" agertu da Nafarroan sor daitekeen gobernu berriarekin. "Lehendik ere izan dugu elkarlana, baina aurrerantzean gehiago sakontzea eta indartzea espero eta nahi genuke". Ikerketa soziolinguistikoarekin gertatutakoa ipini du adibide modura. Azaldu duenez, garai batean elkarrekin egiten zuten Eusko Jaurlaritzak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Nafarroako Gobernuak. "Azkenaldian Nafarroak bere kontura egin du, beraiek hala erabakita". Horrelako azterlanak bateratuta egitearen garrantzia azpimarratu du. Euskal Telebista Nafarroan seinale digitalaren bitartez ikusgai egoteko akordioa lortzea ere espero du. Edonola ere, argi utzi du Nafarroako hizkuntza politika nafarrek eta beraien erakunde politikoek nahi dutena izango dela.
Jaurlaritzako, Xuntako eta Generalitateko ordezkariek duela zortzi urte sinatutako elkarlanerako akordioaren inguruko jarraipen bilera egin dute gaur goizean. Estatuaren eleaniztasunean sakondu eta euskara, galiziera eta katalana euren herrialdeetatik kanpo ezagutzera ematea da asmoa. Nahi izanez gero, euren hitzarmenarekin bat egiteko gonbidapena egin diete Nafarroako Gobernuari eta gaztelaniaz gain bigarren hizkuntza ofiziala duten gainontzeko autonomia erkidegoetako gobernuei.