Jaurlaritzaren bide beretik jo du Nafarroako Gobernuak ere, eta ez da joango datorren maiatzaren 4an Kanbon egitekoa den ekitaldira. Erabakia gaurko osoko bilkuran hartu du gobernuak, eta Maria Solana bozeramaileak eman du haren berri. "Irudikapena bera baino garrantzitsuagoa da ETAren amaiera iragarriko duen komunikatua, eta hortik aurrera hasiko den bidea; eta hor bai, hor egongo da gobernua".
"Ez dakigu zer egingo den, ez zer eduki izango dituen eta ezta han zer irudikatuko den ere", adierazi du Solanak, eta zehaztu du ekitaldira gonbidatu dituzten arren ez dutela parte hartu hura antolatzeko prozesuan. Dena den, zehaztu du Uxue Barkosen gobernuak hartutako erabakiak ez duela inolako loturarik bezperan Jaurlaritzak hartutakoarekin.
Hala, iragarri dute ekitaldiaren analisia egingo dutela, hura bukatutakoan. Solanak itxaropena agertu du Kanboko ekitaldian ETAren amaiera irudikatuko dela, eta hori hala izanez gero, hortik aurrerako bidean Nafarroako Gobernuak "eman beharreko pausoak" emango dituela nabarmendu du: "Nafarroako gizartearekin egingo dugu prozesu honen amaiera arteko bidea".
Gobernuko bozeramaileak gogorarazi du Nafarroako lauko gobernuak urratsak egin dituela bakea eta elkarbizitza eraikitzeko bidean, eta mahai gainean jarri dituztela "denbora luzeegian bazterrean" egon diren gaiak. "Normaltasun politikoak ETA desagertzea behar du. Hori ere askotan esan dugu, eta askotan esan dugu baita ere armagabetzeak alde bakarrekoa, behin betikoa eta erabatekoa izan behar zuela".
Bake Bideak gaur argitu du maiatzaren 4an Kanbon egitekoa den konferentzia eguerdian izango dela.
EH Bildu, erabakiarekin kritiko
Nafarroako Gobernuaren erabakiarekin ados ez dagoela adierazi du EH Bilduk. Koalizioaren iritziz, gobernuak Kanboko konferentzian parte hartu beharko luke, "nazioarte mailako garrantzia" izango duelako eta "baketzerako mugarria" izango delako. "Une historikoan gaude, eta erakundeek, herritarren ordezkariek, maila eman behar dute", adierazi du.