Kontrola galtzearen ondorioz, kolpea hartu zuen txirrindulariak. Hori dela eta, tetraplejia du, eta norbaiten laguntza behar du uneoro, eguneroko jardunerako. Txirrindulariari 1.070.559,30 euro ordaindu beharko dizkio Nafarroako Gobernuak kalte-ordain gisa, eta haren emazteari, 131.046,89 euro. Ebazpenari helegitea jar dakioke Auzitegi Gorenean.
Istripua 2009ko ekainaren 24an gertatu zen, N-135 errepidean. Txirrindularia beste lagun batekin zihoan; helikopteroz eraman zuten ospitalera.
Kaltetuek eskatzen duten kalte-ordainaren %50 soilik onartzen du Nafarroako Gobernuak. Haren arabera, txirrindularia gomendatutako abiaduraren gainetik zihoan, eta, beraz, arduragabekeriaz jokatu zuen. Eskatzaileek —txirrindulariak eta haren emazteak— berretsi dute erantzule bakarra gobernua dela. Diotenez, txirrindularia orduko 20 kilometroko abiaduran zihoan, eta ezin izan zuen ezer egin errepidean zegoen zuloari iskin egiteko.