Itoitz

Nafarroako Gobernuak "behartuta" utzi dituztela etxeak salatu dute Artozkiko bizilagunek

Itoitzko urtegiaren proiektuak kalteturiko Artozkiko biztanleek agiri baten bitartez adierazi dutenez, Artozkiko bizilagunek ez dituzte etxeak bere kabuz utzi, "Nafarroako Gobernuak bestelako esaten badu ere". Horrez gain, herrian bizi ziren sei familiak Foru Gobernuarekin akordio batera iritsi direla gezurtatu dute, "beren ondasunak indarrez desjabetu baitizkie, eta ez dute inolako ordain ekonomikorik jaso".

2003ko irailaren 22a
12:45
Entzun
Artozkiko bizilagunek kaleratu duten agiriak jasotzen duenez, "behartuta" lortu duten akordio bakarra etxeak modu baketsuan uzteko eguna izendatzea izan da, irailaren 15a, Nagoren eta Azparrenen orubeak lortu ahal izateko. Horretarako, Artozkiko kontzejuak epaitegietan jarria zuen helegitea atzera bota behar izan zuten.

Etxeak beren borondatez uzteko erabakia "etxeak erausten ez ikusteko trauma" saihesteko hartu zutela diote agirian, Nagoreko eta Itoitzeko aurrekariak kontuan hartuta.

"Foru Gobernuarekin lortutako akordio bakarra ezer gabe gelditzeko mehatxupean lortu" zutela diote Artozkiko bizilagunek, eta arduradun politikoak eurengana ez dutela jo salatu dute, "ez proiektua azaltzeko ezta laguntzeko ere". "Etxea hustu eta erausteko sinaduraren bila etorri dira bakarrik. Hemezortzi urte hauetan bakarrik sentitu izan gara", azpimarratu dute.

Itoitzeko solidarioen elkartasuna

Bestalde, Artozkiko bizilagunek beren esker ona adierazi nahi diete azken astean euren etxeetan bizi diren Itoitzeko solidarioei. Artozkiko bizilagunek diotenez, adinak eta ur eta argi gabeziak galarazten die solidarioen alboan egotea.

Itoitzeko urtegiaren proiektua "gezur handi bat" dela salatu dute Artozkiko biztanleek. "Nafarroako Gobernuak Erriberaren eta mendi gunearen arteko enfrentamendu faltsu bat sortu nahi dute soilik. Inoiz ez gara tranpa horretan eroriko, proiektu honen atzean interes ekonomiko hutsak baitaude", nabarmentzen dute.

Belen Urrizalki, Ana Urrizalki, Alonso Moreno, Txema Otano eta Alberto Legasa Artozkiko bizilagunek sinatzen dute agiria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.