Lehen gutxi ez, eta Nafarroako Gobernuak berriro jaitsi ditu herrialdeko euskarazko hedabideentzat diru laguntzak, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak gaur salatu duenez. Gobernuak irailaren 7an jakinarazi zuen krisia dela-eta aurtengo aurrekontuetan 327 milioi euroko gastu murrizketa egingo duela, bere kontuen egonkortasuna bermatzearren. Besteak beste, euskarari eragingo dio horrek. Hedabideen kasuan, urteko bigarren ordainketan, %20 eta %37 artean.
"Eskarmentuak erakutsi digu halakoetan euskarari zuzendutako diru sailak ez direla onik ateratzen. Iragarpena jakinarazi zenetik zenbaitetan Euskarabidera informazio eske jo genuen. Ez ziguten ezer erantzun. Edo bai, esleitutako diru laguntza kobratzeko dokumentazioa aurkezteko epea aurreratu zutela. Aste honetan iritsi da murrizketaren jakinarazpena", esan du Topaguneak. "Murrizketa horiek euskarazko hedabideok aurretik jasaten ari garen egoera ekonomiko larria areagotzen du. Hedabideok esleitutako diru kopuruak kontuan izanik egin ditugu urte guztiko aurreikuspenak. Orain, bat-batean, zati bat kentzea lehendik ahula den gure ekonomia osasuna kolokan uzten du".
Euskarabidea Nafarroako Gobernuaren erakundeak Topaguneari azaldu dio urriaren 31ra arte justifikatutako gastuak ordaintzeko adina diru baduela, baina urteko azken bi hilabeteetarako aurreikusia zuen dirurik ez daukala. Esleitutako diru laguntzak bi epetan ordaintzen ditu gobernuak: laguntzaren erdia jakinarazpenarekin batera ematen du, eta beste erdia gastuak justifikatu ondoren. Bigarren ordainketa horretan egingo du murrizketa Euskarabideak. Honela:
- Beleixe irratia: %34ko murrizketa.
- Esan-Erran irratia: %37ko murrizketa.
- Guaixe aldizkaria: %20ko murrizketa.
- Mailope aldizkaria: %34ko murrizketa.
- Pulunpe aldizkaria: %37ko murrizketa.
- Ttipi-ttapa aldizkaria: %34ko murrizketa.
- Xorroxin irratia: %33ko murrizketa.