NaBai-Aralar taldeko parlamentari Patxi Zabaletak irrati lizentzien inguruko galdera egin du Nafarroako Parlamentuko Kultura Batzordean. Juan Luis Sanchez Muniain Kultura kontseilariak erantzun du Auzitegi Gorenaren sententzia beteko duela gobernuak eta, ondorioz, bi lizentziak berriro adjudikatuko dituela. "Auzitegi Gorenak martxoaren 10ean berretsi zuen sententzia. Ondorioz, bi hilabeteko epea dugu sententzia betetzeko aginduak emateko. Epe horretan, maiatzaren 10erako, foru agindua argitaratuko da", azaldu du Sanchez Muniainek.
Zabaletak gobernuko bozeramaileari galdetu dio zer irizpide hartuko duen gobernuak sententzia betetzeko, eta enpresa bati emango ote dioten enkargua. Sanchez Muniainek erantzun du ez dutela halakorik egingo, eta gobernuko abokatuei eta teknikariei dagokiela ikerketak egitea. "Prozesua gardena izatea lehenetsiko dugu, legea betez. Baina ez diogu inorri lizentzia nahierara adjudikatuko, Aralarrek eta Bilduk irrati zehatz batekin egin nahi duten moduan", azaldu du gobernuko bozeramaileak. Nabarmendu du 24 hautagai daudela.
1998. urtetik, epaileek hirutan esan dute Nafarroako Gobernuak gaizki jokatu duela Iruñerriko irrati lizentziak banatzean. Epaileek lehiaketaren lehen fasea ontzat jo dute, eta horretan Euskalerria Irratia zen sailkapenaren buruan. Euskarazko irratiko arduradunek behin eta berriz nabarmendu izan dutenez, "prozesua burutzea besterik ez da falta".