INGURUMENA

Nafarroako Gobernuak bide orri bat aurkeztu du 2030erako berotegi gasen %45 murrizteko

Neurri sorta bat iragarri du laukoak, energia kontsumoaren %50 iturri berriztagarrikoa izan dadin.

Manu Aierdi lehendakariordea eta Isabel Aranburu Ingurumen kontseilaria, planaren aurkezpen ekitaldian.. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
2018ko urtarrilaren 26a
19:51
Entzun

Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Aierdik eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek elkarrekin aurkeztu dute klima aldaketa geldiarazteko estrategia berria. Horren barruan, bi proiektu onartu dituzte aste honetan: Klima Aldaketaren Ibilbide Orria eta 2030erako Nafarroako Energia Plana. Dokumentu horiek Gobernuaren jardun osora hedatzen dituzte helburuak, eta epe bera dute jomugan: 2030. urtea.

Elizalde kontseilariak Klima Aldaketaren Ibilbide Orriaren ildo nagusiak aurkeztu ditu. Horren arabera, Foru Komunitateak konpromisoa hartu du, 2030erako, atmosferara isurtzen dituen berotegi efektuko gasak % 45 murrizteko. "Urrun ikusten zen fenomeno hori bertan dugu jada, eta horren erakusgarri da mahats-bilketak 15 egun baino gehiago aurreratzen direla. AEMETen txosten baten arabera, tenperatura 0,12 eta 0,15 °C igotzen da, batez beste, hamarkada bakoitzeko, eta igoera hori bizkortu egin da 1980az geroztik", azaldu du Kontseilariaren hitzetan, "joerak bere horretan jarraitzen badu, aldaketak ondorio larriak izango ditu Nafarroarentzat, eremu kaltebera batean baikaude, non nazioarteko komunitateak giza osasunerako arriskuak eta uholde- eta sute-arriskuak aurreikusten baititu".

Manu Aierdik, berriz, 2030rako Plan Energetikoaren nondik norakoak azaldu ditu. "Berritzailetzat" jo du egitasmoa, "era oso nabarmenean murriztuko baitu erregai fosilen kontsumoa". Bide horretan, helburu handinahia ezarri du gobernuak 2030. urterako: Nafarroan kontsumitutako energia guztiaren erdia jatorri berriztagarrikoa izatea —gaur egun %24 da—. Eta ez hori bakarrik: 2050erako, kopuru hori bikoiztu egin nahi dute, %100eraino.

Lehendakariordearen aburuz, ezinbesteko erronka da, "Nafarroak lau milioi euro ordaintzen baititu egunean erregai fosiletan". Aierdirentzat, kopuru hori "izugarria" da, eta herrialdearentzat jasangaitza: "Erregai fosilengatik ordaintzen duguna neurrigabea da, baina, horrez gainera, energia hori ez da gure lurraldean ekoizten, eta prezioak oso aldakorrak dira, unean uneko egoeraren arabera".

Hori aldatzeko tenorean, bost puntuko estrategia bat ondu dute: aurrezte eta efizientzia energetikoa; energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzea; auto elektrikoa bultzatzea; sareak hobetzea; eta ikerketa eta garapena. Bost puntuko estrategia hori 146 neurritan zehaztuko du gobernuak, plana indarrean jartzen den unetik aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.