Komunikazioa

Nafarroako Gobernuak dio "legearen barruan" jaso beharko dela EITB LTDz Nafarroan

Barcinak eta Urkulluk lantalde bat osatzea adostu dute EITBren Nafarroako aferaz hitz egiteko. Telefonoz hitz egin dute gaur bi agintariek, eta egoera bideratu bitartean ez da aldaketarik izango EITBren emisioetan Nafarroan. 

Urkullu eta Barcina, azaroan elkarrekin egon zirenean. I. URIZ, ARP
2013ko abenduaren 12a
18:48
Entzun

EITBk gaur arratsaldeko lehen orduan jakinarazi duenez, telefonoz hitz egin ondoren adostu dute gaur bi agintariek lan taldea osatzea. Helburua desadostasunak bideratu eta konponbidea aurkitzea litzateke, Euskadi Irratiko albistegian adierazi dutenez, "posible izan dadin era normalizatuan ikustea ETB Nafarroan". Nafarroako Gobernuak adierazi du gero "legearen barruan" beharko duela konponbide horrek. Bitartean, Gobernuak jakinarazi duenez, Urkulluk bertan behera utzi du EITBren seinalearen digitalizazioa Nafarroan.

Agintari bakoitzak "era normalizatu" hori modu desberdinean uler dezake orain, eta bakoitzaren abiapuntua zein den aintzat hartuta ez du irtenbide erraza izango auziak. Barcinak behin baino gehiagotan salatu du EITBk ez duela "errespetatzen" Nafarroaren "errealitate instituzionala". Urkulluk kargua hartu ondoren, berriz, ETBk Euskal Herriaren mugak nabarmendu zituen eguraldiaren mapan, zatiketa administratiboa islatu arren. Urkullurentzat emisioa bera normaltasunez jasotzea izan daiteke aipatu "modu normalizatu" hori.

EITBk, bere aldetik, esan du Nafarroako Parlamentuaren eskaerari erantzun diola, eta orain Gobernuaren zain dagoela emisioa abiatzeko. Prest dagoela dio oharrean eta digitalizazioaren inguruan proposatutako konponbidea aldi baterako dela, "behin betiko konponbidea iristen den bitartean". Konponbide teknikoa dela gaineratzen du eta Nafarroarentzat ez duela batere gasturik. "Eduki digitalarekin gaur egungo eduki analogikoa ordezkatu da; gaur egun ETB1 eta ETB2rako erabiltzen diren frekuentziatan, hain juxtu. Ez da beste leku erradioelektrikorik bete".

Ikuspuntu kontrajarriak

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak gaur goizean esan du "onartezina" dela EITB Nafarroan LTD bidez ikusgai jartzea, eta emisioa hasiz gero, neurriak hartzeko eskatu dio Espainiako Gobenuari. Guardia Zibilak jada iaz itxi eta zigilatu zuen Erreniegan Eusko Alkartasunak jarri zuen hedagailua EITB ikus zedin. Espainiako Gobernuak legez kanpokotzat jo zuen, eta Guardia Zibilak hedagailua itzali eta zigilatu egin zuen. 54.000 euroko isuna jarri zioten EAri, gainera.

"ETBren emisioa Nafarroan legez kanpokoa da ez dutelako lizentziarik horretarako", esan du Barcinak gaur. Gaineratu du, berak Nafarroan legea betetzen dela zaindu behar duela, eta EITBk ez duela betetzen. Espainiako ikus-entzunezko legearen arabera, baina, erkidego baten telebista publikoak beste batean emiti dezake, baldin eta bi gobernuen artean akordioa badago. 2009 uztailean sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ETB Nafarroan LTD bidez ikusteko akordioa. Haatik, akordioa ez zuten bete kostua milioi bat eurokoa zelako.

Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, adierazi du ulertezina dela nafarrek mota guztietako telebista kateak ikusi ahal izatea LTDz eta ez ETB. Gogorarazi du Urkulluk, gainera, Nafarroako Parlamentuak eskatu ziola EITBri seinale analogikoa digitalizatzea, eta inork ez zuela kontra bozkatu. "UPN abstenitu egin zen", esan du Urkulluk. Bere ustetan legediaren interpretazioa da gakoa; azaldu du seinale analogikoaren digitalizazioa trantsiziorako urrats bat izango litzatekeela ETBk lizentzia bat eskuratu ahal izan dezan arte.

"Helburu politikoak"

Urkullurekin orain gutxi egin zuen bilera ere aipatu du Barcinak gaur goizean, eta bi erkidegoen arteko errespetua izan zutela hizpide: "Errespeta dezatela bada Nafarroa eta lege guztiak". "Diru publikoarekin ordaintzen den erakunde publiko bat, legea bete gabe, helburu politikoetarako erabiltzea onartezina da". Gutun bana bidali die Barcinak Espainiako Gobernuaren ordezkariari eta Espaniako Ministerioari horren berri emanez eta neurriak hartzeko eskatuz. Gaur galdetu diote presidenteari ea lizentziarik ez duten beste telebista batzuen aurka egingo duen, adibide gisara tarot igarleenak jarriz, eta erantzun du "guztien aurka" egingo duela.

EITBk atzo iragarri arren, gaur goizean oraindik ez da ikusgai Iruñerrian ETB LTD bidez. EITBn galdetuta, atzokoari eusten diotela erantzun diote BERRIAri, baina zehaztasun gehiago eman gabe. Bezero arreta telefonoa hartuta ageri da uneoro, BERRIA.INFOk egiaztatu ahal izan duenez. Erreniegako eta Ezkabako hedagailuen seinalea digitalizatu du EITBk, Iruñerrian ikusi ahal izateko, eta atzo iragarri zuen Iruñerrian ikusgai egongo zela gaurtik, nafarren erdiak ikusi ahal izango zutela. Ondoren, baina, Nafarroako Gobernuak gogor erreakzioatu zuen eta esan zuen "legez kanpoko esku hartzea" dela.

Bilduko parlamentari Aitziber Sarasolak erreakzio horregatik eskatu du Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Jose Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Parlamentuan ager dadin EITBren emisioaren harira egindako salaketari buruzko nondik norakoak argitzeko. EITB Nafarroan ez ikusteko arrazoia ekonomikoa baino "politikoa" zela erakutsi zuen Eusko Alkartasunak hedagailua jarri zuenean. 2012ko urte hasieran hedagailua paratu zuen Erreniegan, seinalea Nafarroara zabaltzeko, eta aderdiaren arabera, 11.000 euro inguruko kostua izan zuen hedagailuak. 

Urrian Parlamentuak egin zuen eskaera

Eusko Alkartasunak pozarren hartu zuen atzo EITBren erabakia. Izan ere, Nafarroako Parlamentuak EITBri urrian eskatu zion seinale analogikoa digitalizatzeko, "modu horretan, nafarrek aukera izan dezaten ETB lurreko telebista digitalaren bitartez ikusteko". Geroa Baik aurkeztu zuen mozioa orduan, eta aldeko botoa eman zuten PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik eta Ezkerrak. UPN eta PPN abstenitu egin ziren. Ez zen kontrako botorik izan.

Geroa Baiko Manu Aierdik nabarmendu zuen "behin betiko irtenbidea" iritsi bitartean, behin-behineko konponbide teknikoa emango liokeela EITBk arazoari: "Ulertezina da mundu osoko telebistak ikusi ahal izatea sistema digitalean, eta ETB ez". PSNrentzat irtenbide tekniko "egokia" zen. Bilduko Maiorga Ramirezek UPNk euskararekiko duen obsesioa salatu zuen jada orduan. PPNko Amaia Zarranzen arabera, bere alderdiak "errespetatu" egiten du herritarrek nahi dutena ikustea, baina ez du nahi nafarrek "edozein gastu extra" ordaintzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.