Komunikabideak/Hizkuntza Politika
Nafarroako Gobernuak dirulaguntzarik gabe utzi du berriro Euskalerria Irratia
Euskara hutsean aritzen den Euskalerria Irratiak ez du jasoko Nafarroako Gobernuak komunikabideetan euskararen erabilera sustatzeko banatzen duen dirulaguntzarik; hau da, Foru Gobernuak laguntzetatik kanpo utzi du berriro. Neurri hori hartzeko, Euskalerria Irratiak ez dituela igorpenerako legezko baldintzak betetzen argudiatu du Nafarroako Gobernuak: finean, ez duela lizentziarik. Baina Nafarroako Gobernua bera da Euskalerria Irratiari lizentzia ukatzen diona komunikabide horrek behin eta berriro eskatu duen arren. Mikel Bujanda zuzendariak adierazi du "eskubide" duten dirulaguntza eskatzen jarraituko dutela.
"Behin eta berriro gertatu da, ez da lehendabiziko aldia, baina ez gara ohitzen eta ez gara konformatzen", agertu du Bujandak. Hain justu, ez dutela etsitzeko asmorik nabarmendu du, eta "eskubide" duten dirulaguntza eskatzen jarraituko dutela, baita lege bideetatik ere: "Salaketa egin nahi dugu, eta, adierazi, jarraituko dugula eskatzen dagokiguna, eskubide duguna, gure entzuleek merezi duten moduko dirulaguntza. Lege bideetatik jotzen jarraituko dugu, nahiz eta badakigun erantzunak ez direla berehala etortzen", azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu