Nafarroako Gobernuak eskatu du murrizketak irailaren 2ra arte luzatzeko

Neurriak jasotzeko ondu duten foru araua bidali dio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari, oniritzia eman diezaion

arantxa iraola
2021eko uztailaren 27a
14:35
Entzun

Nafarroako Gobernuak hainbat murrizketa ezarri ditu eguneroko bizitzan, COVID-19aren izurriari aurre egite aldera. Etxeratzeko agindua da neurrien artean nabarmenenetariko bat, eta orain murrizketa horiek irailaren 2ra arte luzatzeko eskatu du. Horretarako eskea egin dio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari.

Javier Remirez Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne kontseilariak eman du gaur eskabide horren berri. Justiziaren esku utzi duten foru arau berriak orain arte indarrean dauden murrizketak bere horretan uzten dituela esan du, eta helburua dela horiek luzatzea abuztu osoan zehar. Ondorioz, kutsatuen intzidentziarik handiena duten herrietan etxeratzeko ordua egongo da datorren hilabete osoan: 01:00etik 06:00etara.

Izurriaren eboluzioaren arabera aldaketak egon daitezkeela esan du: «Hauxe da orain egoera epidemiologikoa; neurriak beharrezkoak dira, neurrizkoak, eta premiazkoak garai honetarako». Etxeratze agindua ezartzen dute hamalau egunetan metatutako intzidentzia 250 kasukoa baino handiagoa bada, eta zazpi egunean 125ekoa edo handiagoa bada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.