Aukeratu publikoa, guztiona. Horixe da Hezkuntza Departamentuak hezkuntza publikoan izena emateko aurkeztu duen kanpaina. Aurretiko izen-ematea otsailaren 1etik 7ra izango da.
Aurtengo berritasun nabarmenen artean daude ratioen murrizketa eta familia bakoitzak hauta dezakeen zentro kopuruaren handitzea: izan ere, 3 urteko neska-mutikoen aurrematrikulazioan, sei ikastetxe hautatzeko aukera izango dute guraso edo tutoreek —hiru ziren orain arte—.
Hezkuntza Departamentuak gelako 25 ikasleko ratioa ezarri zuen sare publikoan orain dela bi ikasturte, murrizketak egin aurreko egoerara leheneratze bidean. Orain, neurri bera ezarri da itunpeko ikastetxeen kasuan ere. Hala jaso da 629/2017 ebazpenean, “gehienez ere talde bakoitzeko 25 ikasleko ratioa ezartzea Haur eta Lehen Hezkuntzako maila guztietarako”. Maria Solana Hezkuntza kontseilariak gogoratu duenez, “programa akordioan ezarritako konpromisoarekin betetzera dator neurri hau”.
Bestalde, ikastetxearen gertutasunagatik 0,5 puntu lortzeko bi aukera baliatu ahal izango dituzte guraso edo tutoreek: eskatzailearen bizitokitik ikastetxerako distantzia, batetik, edo eskatzailearen lantokiko distantzia, bestetik. Bi kasuetan gehienezko distantzia lineala 1,5 kilometro izango da, eta bata ala bestea aukeratu beharko dute. Arartekoak iaz eginiko gomendio bati erantzunez ezarri dute aukera hori.
Euskarabideak kanpaina propioa eginen du
Eskola publikoaren aldekoa bai, baina Hezkuntza Departamentuak ez du hizkuntza eredu zehatzen aldeko kanpainarik sustatuko. Kontseilariak argitu duenez, Euskarabidea institutua arduratuko da horretaz, urtero bezala: "Euskarazko hezkuntza sustatzeko kanpaina orokorra aurkeztuko du Euskarabideak datozen egunetan, eta, horrez gainera, udal eta toki entitateek ere D ereduaren aldekoak eginen dituzte, Euskarabidearekin elkarlanean".
Solanak adierazi du departamentuak “hezkuntza publikoaren aldeko aldarrikapen ozena” egin nahi izan duela kanpaina honekin, “kalitatezkoa, aukera anitzekoa eta guztiona. Horregatik diogu ozen eta argi: Aukeratu publikoa, guztiona!”. Horixe da, hain justu, kanpainaren lelo nagusia. Asmo nagusi horrekin batera “hezkuntza eleaniztuna, gertukoa eta ingurunean txertatutakoa nahiz aniztasunari erantzuteko gai den hezkuntza publikoa proposatzen dio departamentuak nafar gizarteari”, gehitu du Hezkuntza kontseilariak. Hezkuntza zuzendari nagusi Roberto Perezek emandako datuen arabera, 2018-19ko ikasturterako 6.190 ikasle berriren matrikula aurreikusi du Hezkuntza Departamentuak, iaz baino gutxixeago. Izan ere, 2017-18ko ikasturtean 6341 matrikula berri egon ziren.
Egutegia
Otsailaren 1etik 7ra bitartean izango da aurretiko izen-ematerako aukera, eta jendaurreko zozketa otsailaren 13an egingo da, 13:00etan, Hezkuntza Departamentuan. Ondoren, ikastetxeek martxoaren 5era arteko epea izango dute onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda erakusgai jartzeko, eta behin betiko zerrenda, berriz, martxoaren 12an argitaratuko dute zentroek. Matrikula epeari dagokionez, martxoaren 26tik 28ra izango da 3 urteko ikasleen kasuan, eta Haur eta Lehen hezkuntzako gainerako ikasleena, berriz, ekainaren 25etik 28ra.
Aurrematrikulazioari dagokion informazio guztia Nafarroako Gobernuaren webgunean aurki daiteke.