azpiegiturak

Nafarroako Gobernuak espetxe berria irekitzeko eskatu du, baina uko egin dio eskumenari

Roberto Jimenez lehendakariordeak esan du krisiagatik ez dela horretarako unerik egokiena. Patxi Zabaletaren arabera, kartzela politikaren eskumena ez aldarrikatzea foru hobekuntzaren kontra doa.

2012ko martxoaren 8a
17:51
Entzun

Nafarroan espetxe berria "berehala" ireki dadila nahi dute —Iruñerrian ari dira egiten—, baina kartzela politikari buruzko eskumenik ez. Hala esan du Roberto Jimenez (PSN) Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Barne kontseilariak, krisiagatik "hau ez baita unerik egokiena horretarako".

Patxi Zabaleta NaBaiko bozeramailearen galderari erantzunez egin ditu adierazpenok Jimenezek. "Hau ezin da izan autogobernu handiagoa zeinek duen jakiteko lehiaketa". Ondorioz, lehendakariordeak uste du "erantzukizunez" ari direla jokatzen. Haren arabera, Nafarroak bere gain hartuko lituzke espetxe berriko barne kostu batzuk.

Zabaletak PSNri eskatu dio aldarrika dezala espetxe politikaren eskumena. "Izan ere, eskumenak eskatzeak ez du esan nahi egonkortasunaren aurkakoa denik; horren aldekoa da, gauzak ondo egiten badira. Gainera, eskumen hori ez aldarrikatzea foru hobekuntzaren kontra doa".

NaBaiko eledunak esan du Iruñerriko espetxe berriko lanak bukatuta daudela, "baina badirudi Espainiako Gobernuak euskal presoak ez gerturatzeko dagoela oraindik ireki gabe".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.