Nafarroako Gobernuak udalen mapa moldatzeko asmoa badu ere, aldaketek ez dute eragingo herriak batzea eta kontzejuak murriztea. Gaur ezagutarazi du gobernuak Leku Administrazioak Berrantolatzeko Foru Legearen aurreproiektua, eta, bertan ageri denez, mankomunitateei eragingo die neurriak, bereziki. Orain 67 dira, baina sei baino ez dira izango. Mankomunitateen %91 kentzeko asmoa du, beraz, gobernuak.
Edonola ere, herri eta herri batzarren kopurua murrizteko atea zabalik utzi du Yolanda Barcinaren gobernuak. Esaterako, udal hauteskundeetara herri batean ez bada inor aurkezten, herri hori kentzeko aukera emango du gobernuak. Gainera, kontzeju gehiago sortzea ere galaraziko du, neurriak aurrera eginez gero. Halaber, herriek eurek hala nahi izanda bat egitea sustatuko du gobernuak.
Mankomunitateak urtebeteko epean murriztu nahi ditu gobernuak, eta geratuko liratekeen seiak interes orokorreko bilakatu. Herriek erabaki beharko dute mankomunitate berrietako kide izan nahi duten.