Euskara

Nafarroako Gobernuak helegitea aurkeztu du Euskalerria irratiaren aldeko epaiaren aurka

Irrati lizentzien banaketa oker egin zela ebatzi zuen otsailaren 11n bigarren aldiz Nafarroako Auzitegi Nagusiak, Euskalerria irratiari arrazoia emanez. Helegitea aurkeztuta auzia luzatuko du Miguel Sanzen Gobernuak, eta lizentziarik gabe segitu beharko du Iruñerrian euskara hutsez aritzen den irratiak.

2010eko otsailaren 25a
18:13
Entzun
Bi alditan baliogabetu dute auzitegiek Nafarroako Gobernuak erabakitako FMko irrati lizentzien banaketa. Bietan, Euskalerria irratiaren ekimenez eta bietan Euskalerria irratiari arrazoia emanez. Izan ere, lizentziarik gabe utzi zuen Gobernuak Iruñerrian euskara hutsez aritzen den irratia, nahiz eta komunikabide horretako arduradunek eta epaileek bazterketa zantzuak antzeman erabaki horretan.

Otsailaren 11n eman zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak auziari buruzko bigarren eta azken epaia, eta Miguel Sanzen Gobernuak 2006an egindako lizentzien banaketa baliorik gabe utzi zuen, ez zela behar bezala egin azpimarratuta.

Baina Nafarroako Gobernuak ez du etsi, eta helegitea aurkeztu du Nafarroako Auzitegi Nagusian bertan epaiaren kontra"argudio arbitrarioak eta arrazoiaren kontrakoak" ematen dituela iritzita. Horrenbestez, luzatu egingo da auzibidea, eta Euskalerria irratiak lizentziarik gabe segitu beharko du horrek eragiten dizkion arazo guztiekin.

Gainera, Espainiako Gobernua ikus-entzunezkoen lege berria prestatzen ari da, hain zuzen ere, irrati eta telebista lizentzien egungo banaketa araudi eta irizpideak zehazteko, eta litekeena da Euskalerria irratiaren inguruko auzibidea amaitu gabe dagoen bitartean iristea legedi berria eta Iruñerriko euskarazko irratia lizentziarik gabe harrapatzea.

1998tik datorren eztabaida

1998. urtera egin behar da atzera Nafarroako FMko irrati lizentzien banaketaren auzia ulertu ahal izateko. Orduan hartu zuen Gobernuak erabakia Euskalerria irratia lizentziarik gabe uzteko eta legalki emititzeko baimenak Net 21 eta Nafarroako Unibertsitate pribatuko irratiari emateko. Helegitea aurkeztu zuen Euskalerria irratiak ebazpen horren aurka, eta onartu egin zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2005ean. Baliogabetu egin zuen orduko hartan ere lizentzien banaketa, Angel Sanz kontratazio mahaiko lehendakariak mahaia ordezkatu zuela argudiatuz.

2006an egin zen berriz irrati lizentziak banatzeko deialdi hori, eta Nafarroako Gobernuak eraturiko kontratazio mahaiak Net21 eta Nafarroako Unibertsitate pribatuko irratiaren alde egin zuen, berriz ere, Euskalerria irratia lizentziarik gabe utziz. Nafarroako Auzitegi Nagusiak otsailaren 11n adierazi zuenez, ordea, 1998ko lizentzia banaketan gertatu bezala, gaizki egin zen banaketa hura.

«Bitan egin dute oker bera», azaldu zuen orduan Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariak. «Trikimailu bat egin zuten lehen deialdi hartan Net 21 eta Nafarroako unibertsitateko irratiak gure aurretik jartzeko, eta beste trikimailu bat egin zuten 2006an ere. Guk diogu 1998ko deialdi hura guk irabazi genuela, eta trikimailu bidez bakarrik lor dezakete hori ukatzea. Hauxe eskatzen dugu: aitor dezatela emititzeko eskubidea badugula. Sakoneko arrazoiak baditugu, gainera, deialdi hura guk irabazi genuela frogatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.