erabakitzeko eskubidea

Nafarroako Gobernuak inpugnatu egingo du Etxarri Aranatzen egitekoa den galdeketa

Soilik Espainiako Gobernuarenak diren eskumenak urratzea egotzi dio Nafarroako Gobernuak Etxarri Aranatzeko Udalari. Independentziaz nahi dute galdetu.

2013ko ekainaren 24a
16:40
Entzun

Iragan maiatzaren 10ean, udalbatzak erabaki zuen Etxarri Aranatz "Europako estatu independente berri bateko parte" izateari buruz galdetzea herritarrei.

Galdeketa bertan behera uzteko eskatu zion Nafarroako Gobernuak Etxarri Aranatzeko Udalari maiatzaren 27an, baina horretarako epea igarota, udalak ez dio eskariari erantzun. Hala, auzibidetik jotzea erabaki du Nafarroako Gobernuak.

Gobernuak argudiatu du galdeketa ez dutela udalen eskumenak diren gaiei buruz egingo, eta soilik Espainiako Gobernuarenak diren eskumenak urratuko lituzkeela. Nazioarteko harremanak izateko eskumena aipatu du Nafarroako Gobernuak, Espainiako Konstituzioko 149.3 artikuluan jasoa.

Halaber, argudiatu du galdeketak "ordenamendu juridikoaren aurkako elementuak" dituela, "Etxarri Aranatzeko udalerria Euskal Herriaren parte denaren baieztapena", kasu.

Ekimen herritarra

Etxarri 2012+1 herri plataformak independentziari buruzko galdeketa bat egiteko eskaera erregistratu zuen urte hasieran Etxarri Aranazko Udalean. "Ados al zaude Etxarri Aranatz, Euskal Herriko udalerria izanda, Europako estatu independente berri baten parte izatearekin?" galdera izan zen erregistratu zutena.

200 sinadura lortu behar zituzten, eta hala egin zuten. 27/2007 Foru legearen arabera, erroldaren %10aren babesa behar zuten herri galdeketa egiteko, eta Etxarri 2012+1 ekimenak 360 sinadura eskuratu zituen.

Herri galdeketarekin jarraitu edo ez erabakitzeko osoko bilkura egin zuten maiatzaren 10ean, eta aurrera egitea erabaki zuten. Galdeketaren alde bozkatu zuten Bilduko sei zinegotzik eta NaBaiko hiruk, eta kontra PPko bakarrak. Udal batzarrean onartu zuten testuak dio "benetako demokraziaren balioetan" sakondu nahi dutela, "hala nola herritarren elkarbizitzan, parte hartzean edota herritarren iritzia aintzat hartzean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.