Gaur jakinarazi dute plana Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko kontseilari eta presidenteordeak eta Itziar Gomez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak. Gomezek esan du «proiektu garrantzitsu bat» dela Nafarroarentzat, energia propioa ekoitzi ahalko duelako «ingurumenean eragin barik».
Energia sortzeaz gain, Nafarroako ubidean ura ez galtzea du helburu proiektuak. Gomezek azpimarratu du Nafarroaren «energia subiranotasunak» kostuak egonkortu ditzakeela nekazarientzat, industriarentzat eta hiritarrentzat. Ideia bera errepikatu du Aierdi presidenteordeak: «Proiektua aurrerapauso bat da energia berriztagarria sortzeko kontrol publikoarekin eta eragin barik».
Proiektuak 160 MW sor ditzakeela uste dute: gaur egun eguzki panelek Nafarroan sortzen duten energia bikoiztu egingo litzateke. Azpiegitura jabego publikokoa izango da, eta sailburuek iragarri dute Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioan eta Europako Batzordean aurkeztuko dutela proiektua laster.