Hego Euskal Herria da itunpeko eskola gehien biltzen dituen Europako eskualdeetako bat: 2018-2019 ikasturtean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasleen %48,4 eta Nafarroakoen %33,7 zeuden itunpeko sareko ikastetxeetan izena emanda. Europan, berriz, batez bestekoa %19koa da. Steilas sindikatuak eman ditu datuok, Eskola segregazioa itundua dago. Nafarroako hezkuntza sistemaren lotsa izeneko txostenaren aurkezpenean.
Gainera, sindikatuko ordezkari Raul Lopezek eta Arantxa Ruiz Bidaurretak salatu dute itunpeko sarearen pisua gero eta handiagoa dela Nafarroako hezkuntza sisteman: «Nafarroa bigarren postu lotsagarrian dago ikastetxe pribatu-itunduetan ikasleen ehuneko handiena duten estatuko erkidegoen artean, ikasleen % 35,2 sare horretan matrikulatuta baitzeuden 2019/2020 ikasturtean, aurrean Euskal Autonomia Erkidegoa baino ez zuela. Hortaz, Hego Euskal Herria itunpeko ikastetxe pribatuetan lehena da. Gainera, pribatu itunduak ikasgelen kopurua handitzen jarraitzen du gure erkidegoan; izan ere, bi urte eskasean 24 hezkuntza-unitate itundu gehiago izatera igaro da Nafarroa: 2017-2018 ikasturtean 1.559 ziren, 2019-2020 ikasturtean 1.583».
Steilasko kideek kezka agertu dute, sare publikoak «egoera sozioekonomiko txarrean eta bazterketa egoeran diren ikasle gehienak hartzen dituelako», eta horrek «ikasleen segregazioa» eragiten duelako: «Atzerriko jatorriko ikasleen ia % 85 hartzen du publikoak; itunpeko sareak, aldiz, ikasleen % 15 baino ez du matrikulatzen eta, beraz, ez da betetzen 2/2006 Lege Organikoak xedatutakoa, funts publikoekin finantzatutako ikastetxeetan segregazioa saihesteko neurriak ezartzea. Horrela, Nafarroak, aspaldi Estatu osoko bigarren autonomia erkidego segregatzaile eta segregatua izanik, onartzen du ikastetxe batzuk egotea, non biltzen baitira egoera sozioekonomiko txarrean dauden ikasleen % 90; beste batzuetan, ordea, % 10 baino ez dira. Nafarroako Gobernuak eusten die ikastetxe horiei guztiei». Ikastetxe publikoetan izena emanda daude premia handiak dituzten ikasleen %85 ere.
Bi hezkuntza sare bereizi izatea kritikatu dute Lopezek eta Ruizek: «Eliza katolikoaren mesede tratuan du oinarria bereizketa horrek; diktadura garaian areagotu zen eta 1985. urtean PSOEk bermea eman zion, LODE legearen bidez». Urte hartan, «Ikastetxea aukeratzeko askatasuna» kontzeptua sortu zela azaldu dute sindikatuko kideek, baina askatasun hori «faltsua» dela gaineratu dute: «Familia askori ukatu egiten zaie ikastetxe itunduetarako sarbidea, argudio xenofobo edota erlijiosoen bidez».
Bestalde, ikastetxe horiek kobratzen dituzten kuotak «legez kanpokoak» direla azaldu dute: «Ez dira agertzen administrazioak ikuskatzen dituen kontabilitateetan. Gainera, zerga-salbuespenak eta kenkariak dituzte: BEZa, ondare-eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga, lurraren kontribuzioa eta ekonomia-jardueren gaineko zerga, beste lurralde batzuetan zerga gutxi ordaintzearen ohiko deslokalizazioa ahaztu gabe».
Sindikatuaren esanetan, gainera, segregazioa ez da «ardatz publiko-pribatura mugatzen», eta hizkuntza ereduei eta sexuen arteko banaketari ere eragiten die. Honako bazterketa motak nabarmendu dituzte: «A/G eta D hizkuntza-ereduen artean bertako eta atzerriko jatorriko ikasleen banaketa desorekatua (euskarak jasandako bazterketa historikoagatik eta diskriminazio hori mantentzen duten elementuengatik), segregazio sexu-generikoa, ikasleen segregazioa Lehen Hezkuntzatik DBHra igarotzean duten ingeles mailagatik, eta Nafarroako ingurune txiroetan gertatzen den biztanleriaren banaketa irregularra».
Arazo horri aurre egite aldera, «adabakiak eta neurri mengelak alboratzeko» galdegin dio Steilasek Nafarroako Gobernuari: «Eskola publikoaren aldeko politikak bakarrik ahalbidetuko du segregazioaren gaitza gainditzea. Horretarako, funts publikoekin sostengatutako ikastetxeak publifikatu behar dira, ikastetxe segregatzailei dirulaguntzak kendu behar zaizkie, hizkuntza-apartheida desagerrarazi behar da eta Hezkuntza Publikoan gutxienez BPGren % 6 inbertitu behar da».