Diru eta lanpostu gutxiago. Hori da Nafarroako Gobernuak osasunaren arloan egindako murrizketen ondorioa, ELA sindikatuak salatu duenez. Osasun zerbitzu publikoen kalitateari kalte egiten diote neurri horiek. Sindikatuaren ustez, Osasunbidea «ito» egiten dute, eta, aldi berean, hitzarmenen bidez eta gaixoak ospitale publikoetatik pribatuetara bideratuz, azken horiei mesede egiten diete. «Orain, krisi garaian, inoiz baino beharrezkoagoa da zerbitzu publiko sendoak izatea», erran du Nafarroako ELAko Zerbitzu Publikoen arduradun Imanol Pascualek.
ELAk Osasunbideari buruzko txosten bat egin du, urtero bezala. Jasotako datuak argiak dira: 2010. urtean baino 121 milioi euro gutxiago izanen du Osasunbideak aurten. 914,6 milioi eurokoa da aurrekontua.
Aurrekontuak behera. Zentro publikoetatik pribatuetara bideratutako gaixoen kopuruak, berriz, gora egin du azken urteotan, txostenaren arabera. Klinika Unibertsitarioan, adibidez, 2003tik % 25 egin du gora ospitale publikoetatik bidalitako gaixoen kopuruak. Arlo publikotik pribatura bideratu diren lehen kontsulten kopuruak, halaber, nabarmen egin du gora, ELAk salatu duenez: «Klinika Unibertsitarioan, adibidez, %48». Berdin gertatu da eremu pribatuko bertze ospitaleetan.
Asmoa dirua aurreztea omen da, baina Pascualek gogorarazi du Kontu Ganberak txostena egin zuela 2008ko eta 2009ko datuei buruz, eta zalantzan jarri zuela asmo hori betetzen denik. «Metodologia eta kalkuluak ez ziren egokiak, Kontu Ganberaren arabera. Argi utzi zuen gaixoak arlo publikotik pribatura bideratzeko arrazoi ekonomikoak funtsik ez zuela», erran du Pascualek. Hori kontuan hartuta, Gobernuak murrizketen beharraz erraten duen oro zalantzan jarri beharra azpimarratu du.
Bada bertze arazorik, haren hitzetan. Nafarroako Ospitaleen Guneko sukaldeen zerbitzua pribatizatzeko asmoak aipatu ditu, batetik; eta Osasunbidean ari diren langileen baldintzak, bertzetik. Sukaldeko langileek osasun zerbitzua eskaintzen dutela azpimarratu du Pascualek, eta kaltegarritzat jo du pribatizatzeko asmoa. Neurri horrek, batez ere, emakumeei eginen diela kalte gaineratu du, emakumeak direlako han lanean ari diren gehienak. Oro har, langileen lan baldintzak gero eta kaskarragoak direla salatu du, halaber. «%44 ari dira aldi baterako kontratuarekin».
Krisiaren aitzakiarekin, Nafarroako Gobernuaren asmoa zerbitzu publikoak bertan behera uztea dela salatu du Pascualek. Apustuak kontrakoa behar duela izan erran du ELAkoak. Horretarako zerga presioa areagotzea eskatu du. «Baliabide gehiago lortuko ditugu; lan taldea beharretara egokitzeko, eta gaixoak arlo publikoan artatzeko».
Nafarroako Gobernuak Osasunbidea «ito» nahi duela ohartarazi du ELAk
Neurriek arlo pribatuari egiten diotela mesede dio sindikatuak; zerga presio gehiago eskatu du, saila handitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu