Nafarroako Gobernuak proposatu zuen lau zerga aldatzea, eta bilketan 71 milioi euroko kostua iragarri zuen. Nafarroako Parlamentuak, ordea, atzera bota zuen. Ondare transmisioen zerga salbu, hauek ziren beste hiru zergen aldaketak:
Errenta zerga
Zerga tarteak. Nafarroak hamar zerga tartetan tasak jaitsiko zituen, onartu izan balute. Jaitsiera handiagoa da errenta handien kasuan. 300.000 eurotik gorakoei 2015ean %52tik %46,5era eta 2016an %46ra jaitsiko zitzaien. 125.000 eurotik gorakoei, %51tik %46,5era, eta 2016an %44. 8.500 eta 17.526 euro artekoei %25,5etik %25era. 17.000tik 30.800 euro arteko errentei, berriz, %29,5etik %28ra. 30.800 eta 45.480 euro artekoei, %42,5etik %40ra jaitsi nahi zieten.
Kapital irabaziak. 10.000 euro arteko irabaziei %19koa, 18.000 euro artekoei %22koa, eta hortik gorako etekinei %24koa.
Etxebizitza kenkariak. Berdin utziko dira.
Sozietate zerga
%20ko zerga tasa bakarra. Egun, irabaziengatik ordaindu beharreko tasa %30ekoa da enpresa handien kasuan, %25ekoa ertainen kasuan, eta %20koa txikien kasuan. Gobernuak proposatu zuen guztiek %20koa pagatzea. Kooperatibei, berriz, %17koa ezarri nahi zien.
Kenkariak. Kenkariak murriztu eta %10eko gutxieneko bat ezarri zuen enpresek zerga ingeniaritza bidez hori baino gutxiago ordaindu behar izan ez zezaten.
Ondare zerga
Gutxieneko ondarea handitu. UPNren gobernuak proposatu zuen zerga horretan gutxieneko ondarea 311.000 eurotik milioi bat eurora igotzea. Zerga aitortzeko betebeharra, berriz, bi milioira igotzea proposatu zuen. Zerga tasak gehienez %2ra jaistea proposatu zuen.