Apirilaren 20an iragarri bezala, gaur sortu dute Nafarroako Parlamentuan herrialdeko haur lapurtuen salaketak ikertzeko batzordea. Talde guztiek egin zuten PSNk eta Bilduk aurkeztutako eskaeraren alde, eta guztiak daude batzordean. Hamabostean behin elkartuko dira; urriaren 4rako bukatuta eduki beharko dituzte ikerketa lanak, eta batzordeak ondorioen berri emango du orduan. Gero, ondoren gaia legebiltzarrean aztertuko dute.
Javier Caballero (UPN) da batzordeko presidentea. Beste kideak: Eradio Ezpeleta (UPN), Nekane Perez eta Asun Fernandez de Garaialde (NaBai), Koldo Amezketa eta Victor Rubio (Bildu), Maite Esporrin eta Carmen Otxoa (PSN), Enrique Martin eta Eloy Villanueva (PP), eta Jose Miguel Nuin eta Txema Mauleon (Ezkerra).
Nafarroako SOS Haur Lapurtuak elkartea legebiltzarrean izan zen martxoan, azalpenak ematen, eta parlamentariei eskatu zien salaketak iker ditzatela.
Apirilaren 20ko saioan, Bilduk frankismoarekin lotu zuen afera, eta Ezkerrak bat egin zuen iritzi horrekin. UPNk kritikatu egin zuen lotura hori egin izana, eta Caballerok "hutsalkeriatzat" jo zituen Bilduren hitzak. PPNk ez zuen egokitzat jo haur lapurtuen auziaren zergatiak aztertzea.
UPNk zalantzan jarri du parlamentuko ikerketa batzordea eraginkorra izatea. Apirileko saioan, Ezkerrak zioen egun ezagutzen diren baino askoz ere kasu gehiago izan daitezkeela. "Espainian 1960ko eta 1990eko hamarkaden artean bi milioi adopzio egin ziren. %15 izan daitezke haur lapurtuenak, hau da, 300.000 ume inguru".