Nafarroako hezkuntzako sindikatuek murrizketen aurka gaurko deitutako grebak %60ko babesa jaso du irakasleen artean, sindikatuen arabera. Iruñean manifestazio jendetsua egin dute: 12.000 lagun bildu dira antolatzaileen arabera; 5.000 lagun izan dira, Poliziaren aburuz.
Sarasate pasealekuan hasi da martxan, eta ordubetez Iruñeko kaleetan ibili ondoren, toki berean amaitu da. Nafarroako Parlamentuaren inguruan hainbat protesta izan dira, ikasleen eskutik gehienbat.
Ekintza ikusgarrienetako bat Alde Zaharrean egin dute. Sanferminetako jantziak soineak, hainbat lagunek entzierroaren parodia egin dute, eta San Grebin santuari kantuak eskaini dizkiote.
Expe Iriarte LAB sindikatuko bozeramaileak azaldu duenez, grebaren jarraipena "gorabeheratsua" izan da, eta hilaren 22 greba deialdiak babes handiagoa izan bazuen ere, babes "esanguratsua" izan duela nabarmendu du.
Erronkarin eta Garraldan deialdiak babes handia izan du Iriarteren arabera, eta Iruñerrian D ereduaren barruan hilaren 22ko datu berak edo hobeak jaso dituzte.
Iribas: "Hitz egitea posible da"
Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak jarraipena %31,8koa izan dela jakinarazi du, eta salatu du grebak "ikasleak eta familiak" kaltetzen dituela.
Haren ustetan, greba egin ordez "hitz egitea posible da", eta hilaren 31rako alor publikoan deituta dagoen greba bertan behera uzteko eskatu du.