Hezkuntza

Nafarroako hezkuntza eragileek «itzulera adostu eta seguru bat» eskatu dute

2020ko irailaren 2a
21:06
Entzun

LAB, Steilas, Afapna, ANPE, CCOO, ELA, UGT, SEPNA eta CSIF sindikatuetako kideek, hezkuntza komunitateko beste hainbat eragilerekin batera, salatu dute «ziurgabetasun» egoera batean daudela, eta hastear den ikasturterako babes neurriak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari. Atzo arratsaldean, elkarretaratze bat egin dute Iruñean, Nafarroako Jauregiaren aurrean. «Ikasturte osorako itzulera itundu, seguru eta presentziala» eskatu dute han.

Hamazazpi hezkuntza eragilek sinatu duten dokumentu batean, eskaera zuzenak egin dizkiote administrazioari. «Alderdi pedagogikoak, funtzionalak eta emozionalak kontuan hartuko dituen plan bat» nahi dute, eta, horretarako, negoziazio bat abiatzeko eskatu dute. Langile gehiago kontratatzea nahi dute, ez soilik irakasleak, baita garraioan, garbiketan, jantokietan eta antzeko zerbitzuetan jarduten dutenak ere. Ratioa jaistea da haien helburuetako bat, baita hezkuntza zentro bakoitzean lan osasunaren arduradun bat egotea ere.

Informazioa nahi dute, eta aurreikuspenekin jokatzeko eskatu diote Hezkuntza Departamenduari. Protokoloak egitea aztertuz zer neurri hartu behar diren berrogeialdi egoeretan, eta zer-nola moldatu behar dituzten ikastetxeetako espazioak. Gainera, irakasle ez diren langile guztiei eta ikasle kalteberenei arreta berezia emateko eskatu dute. «Osasuna bermatzeko» neurriak nahi dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.