Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak erabaki du ikastetxeetan COVID-19ari aurre egiteko hartzen dituzten neurriak pixka bat malgutzea. Hori horrela, gaurtik aurrera HH Haur Hezkuntzako eta LH Lehen Hezkuntzako ikasleek maila bereko ikasleekin elkartzeko aukera izango dute patioan daudenean. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren irudiko, mesedegarria izango da haurren harremanetarako.
Maskarari dagokionez, berriz, aldaketarik ez: HHko umeek patioan kentzeko aukera izango dute; ez, ordea, LHkoek.
Nafarroan ez ezik, astelehenetik neurri malguagoak dituzte Ipar Euskal Herriko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan ere. Ipar Euskal Herriko 11 urte bitarteko ikasleei maskara kendu zieten, baina jantzita segituko dute zaharragoek. Alderantziz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoek eta Batxilergokoek erantziko dute, kanpoan daudenean eta distantzia mantenduta, edo kanpoan «jarduera fisiko bizia» egiten dutenean; LHkoek, aldiz, ez. Hori bai, maila bereko ikasleak elkartzeko aukera izango dute patioan, eta ez soilik talde berekoek.