Hondakinen kudeaketa

Nafarroako hondakinak erreko ditu Portlandek Olatzagutian

Gobernuak adierazi du «laster» sinatuko dutela elkarlanerako akordio bat, «birziklatu ezin diren» gaiak errausteko

mikel p ansa
2012ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Nafarroan errauste plantarik ez egiteko asmoa iragarri zuen, aurrena, Iruñeko gobernuak. Martxoan eman zuen erabaki horren berri. Olatzagutiko Cementos Portland Valderribas fabrika errauste planta bihurtuko zela salatu zuen, orduan, Hiru Mugak Batera plataformak. Nafarroako hiri hondakinak bertan erreko zituztela. Atzo, beste urrats baten berri eman zuen gobernuak, Olatzagutiko lantegian hondakinak erretzearen aurka direnen susmoei hauspo emanez: elkarlanerako hitzarmen bat sinatuko dute, «laster», Nafarroako Gobernuak eta Cementos Portland Valderribasek. Akordio horren arabera, hondakinak errausteko jardueran elkarri lagunduko diote bi erakundeek.

Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez eman zuen itunaren berri, eta ez zuen zehaztu noiz sinatuko duten akordioa. Ez zuen zehaztu, ezta ere, erabakiak errauste planta erabat baztertzea ekarriko duen. Olatzagutiko lantegiak urtean 36.500 tona hondakin erre ditzakeela azaldu zuen. Errauste plantak urtean 165.000 tona hondakin inguru erreko zituen, eraiki izan balitz. Olatzagutiko lantegian erreko direnak, ordea, ez dira hondakin gordinak. Industriako hondakin ez arriskutsuak —kartoiak, neurri handi batean—, biomasa eta HEE hondakinetatik eratorritako erregaiak erraustuko lituzke zementu lantegiak, hitzarmenaren arabera.

Portlandek zementu labeetan erreko dituen hondakinak «birziklatu ezin diren» gaiak izango direla ere adierazi du Nafarroako Gobernuak, baina ez du xehetasun gehiago eman. Ez du jakinarazi, alegia, zein hondakin klase erreko diren eta nola eta non tratatuko diren zementu labeetan erre aurretik.

Horrela, gobernuak ez du zehaztu zementu fabrikak hiri hondakinak erreko dituenik, baina HEE horiek ekoizteko hiri hondakinak erabiltzen dira usu. TMB tratamendu mekaniko-biologikorako plantetan, hondakinak bereizi ondoren, nahastuta gelditzen den errefusarekin ekoizten dira HEEak normalean —Bizkaian, horretarako ari dira TMB planta bat eraikitzen—. Hondakinen errausketa Olatzagutiko Portlanden esku utzita, errauste plantaren inbertsioa aurreztuko luke administrazioak. Xehetasunik eman ez badu ere, gobernuak azaldu du hondakinen kudeaketa planean zehaztutako helburuekin «koherentea» dela Olatzagutian hondakinak erraustea.

Gobernuak dioenez, «oso zabaldua» dago zementu fabriketan hondakinak erretzeko joera. «Iraunkorragoa da aukera hau, CO isuriak gutxitzen dituelako». Tartean biomasa ere erretzen denez, hondakinen errausketak CO isuri neutroak dituela zehazten dute araudiek. Hortaz, CO isuriengatik lantegiak ordaindu beharreko faktura ere %20 merkatuko da. Enpresarentzat aurrezpena dela zehaztu du gobernuak ere.

Beste lurralde batzuetatik hondakinak ekartzen hasi aurretik Olatzagutiko lantegiak Nafarroakoak erabiliko dituela ere zehazten du hitzarmenak. Horrek Nafarroako hondakinen kudeaketari mesede egingo diola uste du gobernuak: «Zabortegira botatzea baino hobea da balorizatzea». Europako zuzentarauek hala zehazten dutela gogorarazi du.

Ekoizleei, errausteko

Iruñeko gobernuak konpromisoa hartuko du, bestalde, «hondakin jakin batzuk» ekoizten dituztenen artean errausketaren alde egiteko: «Cementos Portland Valderrivasek Olatzagutian duen lantegian lehengai gisa edo erregai gisa balorizatzera bildatzeko sustapena egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.