hezkuntza

Nafarroako ikastetxe publikoetako zuzendariek ez dute dimisiorik emango

Nafarroako Gobernuak hasi berri den ikasturtean 200 irakasle gutxiago kontratatuko zituela erabaki ostean, kaltetutako ikastetxeetako zuzendariek jakinarazi zuten kinka larrian jarri zituela erabakiak, eta dimisioa emateko aukera aztertuko zutela. Gaur egin dute batzarra, eta ez dimititzea erabaki dute. 

2011ko irailaren 20a
17:00
Entzun

Berriozarko ikastetxean elkartu dira goizean Nafarroako sare publikoko ikastetxeetako zuzendariak. Mahai gainean, dimisio bateratua aurkezteko proposamena zuten, Nafarroako Gobernuak DBH eta batxilergoan egindako murrizketei erantzuteko protesta gisa (gobernuak erabaki zuen ikasturtean 200 irakasle gutxiago kontratatuko zituela, eta zuzendariek zioten egoera larria zela). Azkenean, ordea, ez du aurrera egin proposamenak.

Deituta zeuden 60 zuzendarietatik 50 egon dira batzarrean, eta haietatik 41ek eman dute botoa. Oro har, dimititzearen aurkako jarrera aise nagusitu dela jakinarazi dute arratsaldean egindako agerraldian.

Nafarroako Gobernuak ekainean iragarritako murrizketak "kalte handia" egin diela ohartarazi dute zuzendariek, ikasturteari aurre egiteko plangintza martxoan egin ohi dutelako, eta murrizketen berri ekainean eman zietelako. Edonola ere, ikasturtea ahal den normaltasun handienarekin hasteko euren esku dagoen guztia egin dutela adierazi dute. Hurrengo asteotan Nafarroako Parlamentuko alderdiengana joko dutela iragarri dute, hezkuntza publikoaren etorkizunarekin duten kezkaren berri ematera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.