BERRIA egunkariak bihar Monica Terribas TVC Kataluniako Telebistako zuzendariari egindako elkarrizketa argitaratuko du. Hauek dira elkarrizketan esandakoetako batzuk:
"Nafarroako Ikus-entzunezko Kontseilua kentzea akats handia da. Kataluniako kontseilua ez bagenu telebista publikoa ez litzateke hain zorrotza izango bere buruarekin. Madrilen Zapaterok TVEtik publizitatea kentzeko legea onartu zuenean, lege horretan Espainia mailako kontseilu bat sortzea jasotzen zen. Baina ez dute sortu. Ondorioz kate pribatuek haur ordutegiak hausten jarraitzen dute eta inork ez die ezer esaten".
"Generoetan oreka aurkitzen ari gara, kohesio soziala lortzen duten pertsona eta agenteekin. Bartzelona futbol taldearen bidez, adibidez, ikusle asko iritsi zaizkigu beste modu batean TV3 ikusiko ez luketenak. Latinoamerikako eta Europako etorkin asko heldu zaizkigu futbolari esker, eta haiek harrapatzen ditugu programazio estrategiarekin jokatuz".
"ETBren kasuan erreakzio bat egongo dela sinistuta nago, euskal ikuslegoak ezin baitu onartu bere telebista publikoak lidergoa galtzea".
Urtzi Urkizu